Oiartzun - Mendiburu 14 erabilera anitzeko udal eraikina egiteko lanak hasi dira, Oiartzunen. Orain eremuan dagoen eraikina eraisteko prestaketak egitea izango da lehenengo lana. Eraikuntza Artapena SL enpresa izango da lanak gauzatzearen arduraduna. Eraikin zaharra eraisteko prestakuntza eta eraisketa lanak ekaina arte luzatuko direla aurreikusten da.

Guztira, lanek 5,5 milioi euro pasatxoko aurrekontua izango dute eta burutzeko, 25 hilabeteko epea.

Kale itxierak Obrak zenbait aldaketa eta egokitzapen eragingo ditu inguruan. Adibidez, Yon Oñatibia eta Mendiburu kaleen arteko lotura itxita egongo da ekaina arte, eraisketa lanak irauten duten bitartean.

Landetxe plazatik Mendiburu kalera igotzeko eskaileren pasabidea ere itxita egongo da eraikin berriaren lanak bukatu arte.

Bestetik, Correoseko kargatzeak eta deskargatzeak Iparralde etorbidetik egingo dira Mendiburu 14 eraikinaren lanak egin bitartean. Hori dela eta, Correosen ordutegiaren barruan, aparkaleku bat haientzako erreserbatua egongo da.

Oiartzungo Udalak azpimarratu duenez, eraikin balioanitzaren lanek Mendiburu kaleko eta Landetxe plazako bizilagunei eragingo dizkiete eragozpen gehien (soinua, hautsa...). Hori dela eta, Udalak haiekin bilera informatiboa egin zuen abendu bukaeran, lanen garapenaren inguruko lehen eskuko informazioa emateko eta zalantzak jaso eta argitzeko. - A.M.