Errenteria - Aurten une berezi bat ospatuko da herrian, hiribilduaren eraketaren 700. urteurrena beteko baita, eta ospakizun hori baliatu nahi du erredakzio batzordeak Oarso 2020 aldizkariaren ardatz nagusi gisa gai hori garatzeko.

Dagoeneko Errenteriako Oarso udal aldizkariaren aurtengo edizioa prestatzen ari dira. Bigarren garaiko 55. aldizkaria izango da eta uztaileko lehenengo egunetan, Madalenen atarian, aterako da argitara.

"Urteurren hau aukera ezin hobea da nondik gatozen, egun nor garen eta, bereziki, etorkizunean zer izan nahi dugun geure buruari galdetzeko", esan du erredakzio batzordeak. "Ospakizun hau guztion gauza da eta gustatuko litzaiguke herritarrek parte har dezaten eta lagun diezaguten aldizkari atsegina, askotarikoa eta Errenteriako bizimodu aktiboa islatuko duena prestatzen", gaineratu dute.

Aukeratutako gaia mugatzeko asmorik gabe, aldizkariko ohiko gaiak gogoratu nahi ditu batzordeak, hala nola oroitzapenak, ospakizunak, pertsonaia ospe-tsuak edo aurten kontsiderazio berezia izan dutenak. Horretaz gain, urtean zehar herrian izan diren gertakariak edota herriari buruzkoak ere jasotzen ditu.

Lanak oarso@errenteria.eus helbide elektronikora bidal daitezke, edo ZU! Arreta zerbitzuan edota Udal Artxiboan utzi (Herriko plaza z.g.). Epea apirilaren 24ean amaitzen da. Argibide gehiago, 943 449 610 telefonoan.

Aurten dei berezia egin dute euskarazko lanak aurkezteko eta emakumeen parte-hartzea sustatzeko. - A.M.