Errenteria - Kukai Dantzak eta Errenteriako Udalak ekintza sorta antolatu dute urte hasierarako herrian bertan.

Honela, ostegunean hiru tailer eskainiko dituzte. 17.30etik 18.30era dantza familian egiteko bi ikastaro egongo dira, bat Dantzagunean eta bestea Gaztaino auzoan. Tailerrean lau urtetik gorako haurrek parte hartu ahal izango dute, eta gutxienez heldu batek lagunduta etorri beharko dute. Ondoren, 19.00etik 20.30era Sormen tailerra herritar orori irekia prestatu da Dantzagunean. Ikastaroan mugimenduaren bidez, sorkuntzarako potentziala kanporatu, landu eta disfrutatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Ostiralean, 55 urtetik gorakoen txanda izango da, 10.30etik 11.30era Niessen kulturgunean. Tailer guztietarako izen-ematea doakoa da dantza@kukai.eus helbidean.

Ikuskizunak ere prestatu dituzte asteburu honetarako. Izan ere, ostiralean eta larunbatean 19.00etan Xabier Olaskoaga plazan Gelajauziak ikuskizuna eskainiko dute.

Bestalde, Gauekoak lan berria ere aurkeztuko dute. Emanaldiak ostiralean eta larunbatean 20.00etan Niessen kulturgunean izango dira eta sarrerak salgai daude.

Azkenik, igandean 17.30ean Oskara lanaren dokumentala eta 19.00etan Oskara ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, biak Niessen kulturgunean. - A.M.