Errenteria -Errenteriako Udaltzaingoak trafikoari dagozkion hainbat neurri hartu ditu Errege Magoen kabalgata dela eta.

Honela, bihar 10.00etatik 20.00etara ezin izango da Joxe M. Barandiaran, Tulle, Maria de Lezo, Xenpelar, Biteri eta Alfontso XI kaleetan aparkatu. Astotegian ere, 10.00etatik 22.00etara aparkatzea debekaturik egongo da.

Trafiko-mozketak ere izango dira. 17.30ean ondorengo leku hauetan trafikoa moztuko da: Beraun kalea eta Arramendi pasealekuaren arteko bidegurutzean eta Aralar plazan. 17.30 eta 22.00ak artean, erdigunea trafikoarentzat moztuta izango da. Beraz, gidariei gomendatzen zaie ordu horien artean auzoetara joateko beste bide alternatiboak erabiltzea.

18.00etan, trafikoa moztu eta GI-636tik (bariantetik) desbideratuko da, bai Galiziako biribilgunean, baita Nafarroako etorbidean ere, Askatasunaren Martireen kalearekin gurutzatzen den lekuan (Panierreko zubia).

Garraio publikoari dagokionez, Morrongiletako geltokia Tulle kalera eramango dute, azken hau desfilea pasa ondoren libratzen den momentutik aurrera.

Gainera, 18.00etatik 19.00etara, Zumardia eta Gabierrotako geltokiak bertan behera geratuko dira. Beraz, Diputazio plazakoa erabiltzea da gomendioa.

Azkenik, urtarrilaren 6an, goizeko 7.00etatik gaueko 22.00etara Iztieta pasealekuan aparkatzea baimenduko da.

Berrikuntzak Aurten hiru aldaketa nagusi izango dira, beste urterekin alderatuta.

Lehena da jaiotza gidatuko duen izar bat desfilean sartu dutela.

Bigarrenik, udalerrian ibilbide garrantzitsua duen Mindara elkartearen parte-hartzea gehituko da. Pertsona talde honek hainbat arlotan aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzentzen die bere lana: jarduera fisiko inklusiboa, kirol egokitua, osasuna eta aisialdia.

Eta amaitzeko, desfilean animaliak desagertuko dira, antolatzaileen ustez “izaki sentiberak” direlako eta Erregeen kabalgatan parte-hartzea gaizki tratatzea delako, kalean desfilatzea ez delako haien ezaugarriekin bat datorren zerbait.

Beste urtetan bezala, txikien eta ez hain txikien gozagarri, goxokiak eta txokolatezko txanponak banatuko dituzte, denak zeliakoek jateko egokiak.

Urtero bezala, aurten ere Errege kabalgata ederra izango du Errenteriak, honako eragile hauek antolatuta: Telleri IGEa, Egiluze Errenteria IGEa, Jaitoki Furius elkartea, Elipsis elkartea, Udaltzaingoa eta DYAko, Babes Zibileko nahiz Gurutze Gorriako boluntarioak, Udalarekin elkarlanean. Guztira 250 bat lagunek osatuko dute.

Iazko bideari jarraiki, desfilean zehar Errege Postariak, Gurutze Gorriko boluntario batek utzitako eta gidatutako triziklo baten gainean, laguntzaileak izango ditu inguruan, haurren gutunak jaso-tzeaz arduratuko direnak. Merkatuzarren ere gutunak entregatzeko aukera egongo da.

Azkenik, Gazteria zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie urtero Errege kabalgata gauzatzea ahalbidetzen duten eragile eta partaide guztiei. Era berean, herritar guztiak animatzen ditu kabalgata handi honetaz arduraz goza dezaten.