Errenteria - Bihar AEK euskaltegiak antolatzen duen Errenteriako San Tomas azokak bere 33. edizioa ospatuko du eta berrikuntza nabarmen bat ekarriko du, bi txerri izango baitira Zumardiaren erdialdean, Maddalen eta Jabiareno.

"Haiek izango dira, inongo zalan-tzarik gabe, bisita gehien izango dutenak. Bada, bisitaz gain, pisua asmatzeko aukera izango duzue zerriak ikustera hurbilduko zareten guztiek. Hots, zerri-porra eginez, pisua asmatuko duenak sari ederra jasoko du Zumardian bertan 19.30ean, orduantxe esango baita zein den benetako pisua", aditzera eman dute euskaltegitik.

Gainera, egun osoko egitarau oparoa prestatu dute, 10.00etatik hasita. Txistulariak, bertso saioa, Malen eta Ekainen kontzertua, txapel jaurtiketa, herri kirolak, Errenteria Musikaleko dantzaldia, txikitilariak, jauziak, Deiadar Txaranga eta Amulletako danborrak izango dira. Festarekin amaitzeko, 22.00etan Laiotz taldearekin dantzaldia izango da Zumardian.

Izan ere, ohi bezala, Zumardia izango da jaiaren erdigunea. Hala ere, txistorra postuak eta egitarauko hainbat ekintza herriko beste hainbat gunetara ere zabalduko dira: Herriko plaza, Agirre Lehendakariaren plaza, Biteri kalea, Xabier Olaskoaga plaza, Foru plaza edota Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroa, baserritar jantziak erakutsiko dituena.

"Aukera hau baliatu nahi dugu berriro ere gogoratzeko herriko elkarte, eragile, talde eta norbanakoak direla egun Orereta-Errenteriako San Tomas eguna ahalbidera-tzen dugunak", aldarrikatu dute AEKko kideek. Hauek dira azkeneko hilabeteetan buru-belarri lanean aritu diren taldeak: Xenpelar AEK euskaltegia, Alaitasuna, Burusoilak, Ereintza, Gaztelan, Doike, Juventudes Sozialistak, Landarbaso abesba-tza, Lifestyle, Motor Bike, Oiarso Saskibaloia, Oiartzoko ikasleak, Pikoketa Errepublikazaleak, Sputnik, Lau Haizetara, Elur, Bixigu, Xebe, Jon, Juankar, Alko, Palote eta Udala bera.

Urtero lez, deialdi berezia luzatu nahi dio herritar orori San Tomas Batzordeak solstizio egun honetan. Lehenik eta behin, atera ditzatela armairuan gordeta dauzkaten baserritar jantziak, "ezin aproposagoa da eta abenduaren 21a goxo-goxo hori bera janzteko".

Halaber, ez dezatela ahantzi edalontzi berrerabilgarria etxean; "batetik, merkeago aterako baita hau erabiltzea; eta bestetik, gure natura maitea zaintzeko ezinbestekoa izango baita".

Era berean, euskaldunok euskara ahotan erabiltzeko eskatu dute gure nortasunaren eta izaeraren adierazgarri baita.