Goierriko eskualdeak itsasorik eta hondartzarik ez duenez, goierritar askok igerilekuetara jotzen dute udako tenperatura altuak jasan ahal izateko. Gauzak horrela, pasa den larunbatean udalerri batzuek haien igerilekuak ireki zituzten; beste batzuek, aldiz, aste honetan zehar estreinatuko dute bainu-denboraldia.

Lazkao eta Ordizia izan dira aste honetarako aurreikusitako bero itogarriari aurrea hartu dioten udalerrietako batzuk. Izan ere, Goierriko bi herri horiek larunbatean ireki zituzten kanpoko igerilekuak.

Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegiko igerileku estali gabeak datorren irailaren 11ra arte zabalik egongo dira, egunero 11.00etatik 20.30era. Instalazioak zabaldu aurretik, lekuaren mantentze-lanez arduratzen direnek igerileku handia eta txikia, berdegunea eta eguzkia hartzeko egokitutako espazioak garbitu eta prestatu dituzte.

Majori kiroldegiko estali gabeko guneak, berriz, nobedade bat du aurten. Ordiziako kanpoko igerilekuak ostalaritza zerbitzu berri bat du eta datorren irailaren 11ra arte funtzionamenduan egongo da.

Beasainen, estali gabeko igerilekuak ateak irekiko ditu bihar, ekainak 15. Egunero egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera, goizeko 11.30etik 20.30era, eta asteburuetan eta abuztuan 20.00ak bitartean. Igerilekuko ohiko zerbi-tzuak martxan egongo dira, besteak beste, itzalkinak, dutxak, aldagelak, taberna eta bibliopiszina. Aurten, itzalkinak berritu egin dira.

Bestalde, bibliopiszina zerbitzuko ordutegia arratsaldeko 16.00etatik 19.15era izango da, astelehenetik ostiralera. Eguraldi txarra egiten duen egunetan, aldiz, itxita egongo da.

Olaberriko udal igerilekuei dagokienez, azken orduko aldaketa bat egon da irekiera eta itxiera datetan. Ekainaren 18aren ordez, instalakun-tzak hilaren 24an zabalduko dira, eta irailaren 18an itxi.