tzuli dira Beasaingo Loinatz Jaiak. Bueltan dira beasaindar guztien festak. Maiatzaren 27an hasi eta ekainaren 5ean amaituko dira. Atzo, Beasaingo Udalak jaien egitaraua aurkeztu zuen. Prentsa agerraldian Leire Artola alkatea eta Amaia Gómez de Segura kultur teknikaria presente izan ziren. Gainera, La Salle ikastetxeko haurrez lagunduta egon ziren; zehazki, kartel lehiaketa irabazi zuten gazteez lagunduta.

Alkateak gogoz eta desioz hartuko diren jaiak izango direla adierazi zuen. "Itxaronaldia luzea egin da pandemia malapartatu honen erruz, baina hemen gaude oztopo guztiak gaindituz gure herriko jaiez gozatzeko irrikitan", gehitu zuen.

Era berean, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera, elkarrekin, Beasain bizigarriago baten alde lan eginez jarraitzeko deia egin zuen. Zentzuz, arduraz eta errespetuz jokatzeko mezua ere zabaldu zuen.

Kultur teknikariak egitarauaren nondik norakoak adierazi zituen: "Tradizioa berrikuntzekin uztartuko da". Besteak beste, danborradak formatu berri bat izango du. Maiatzaren 28an, haurren danborrararen irteera 17.30ean izango da, Urbialde Plazatik. Jarraian, helduen danborrararekin bilkura egingo dute gaztetxoek, 18.45ean, Loinazko San Martin Plazan. Bertan zenbat pieza joko dituzte elkarrekin, Pello Irizar musikari beasaindarrari omenaldia eginez. Helduek danborra jotzen jarraituko dute herrian zehar, 19.00etatik aurrera.

Bestalde, txikienentzako gozamena diren erraldoi eta buruhandien presentzia areagotu egingo da. Horretaz gain, Koxkolo, Bagoilari eta Pitxu buruhandiak berritzeaz ez ezik, hauen egitekoa ere aldau egingo da: ez dute korrika egingo eta goxokiak banatuko dituzte.

Ekainaren 3an, Paxatxo zenaren inguruko dokumentala estreinatuko da Usurbe Antzokian. Azken dantza maisua dokumentala, "tradizioa eta ondarea babestu, sustatu eta gorde-tzeko helburuari jarraituz" Beasaingo Udalak babestutako, eta Aurtzaka dantza taldeak, Bira Produkzioakekin elkarlanean, ekoiztutako ikus-entzunezkoa da. l