- Bueltan da Loinatz Musika Eskolako Kantaldia. Koronabirusaren pandemiak derrigortuta hartutako bi urteko atsedenaldiaren ondoren, aurten XVIII. edizioa ospatuko da.

Igaro dira urteak lehenengo Kantaldia egin zenetik, hain zuzen ere, 2003an izan zen aurreneko edizioa, Loinatz Musika Eskolaren 25. urteurrenarekin bat. Orduan, arrakasta handia izan zuen ekitaldiak, eta jendearen harrera onak aurrera jarrai-tzeko bultzada eman zien antolatzaileei.

Aurtengo edizioan, I. Kantaldi horri keinua egingo zaio. Horretarako, aspaldiko saio hartan abestutako kantak kantatuko dira XVIII. edizioan.

Larunbatean, maiatzaren 21ean, izango da ikuskizuna, Beasaingo Gernika Pasalekuko Pilotalekuan, 19.30tik aurrera, eta pintxopoz lagaunduta.

Loinatz Musika Eskolak beasaindar guztiak gonbidatzen ditu festara: "Bene-benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu 18 urte hauetan Kantaldiarekiko izan duzuen harreragatik".

Euskal abestia eta euskara plazaratzea dira Kantaldiaren helburu nagusiak. Bestalde, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi da, abesteko ohitura indartuz eta adin guztietako herritarrek giro bera partekatuz.

Gainera, Beasaingo hainbat talderi ikusgarritasuna ematen die saioak, izan ere, Loinatz Musika Eskolako ikasle, irakasle eta beasaindarrekin batera abesten dute udalerriko zenbait pertsona taldek; besteak beste: Asmube, San Martin Parrokiako Abesbatza, Erretiratuen Abesbatza, Kantu Jira Taldea, Ostadar Dantza taldea, Aurtzaka Dantza taldea, Loinatz Abesbatza eta Euskaltegia.

Musika Eskolako irakasleek joko dituzte ekitaldirako aukeratutako 16 abestiak, instrumentu ezberdinez baliatuz: akordeoia, gitarra, teklatua, txistua, flauta, biolina eta bateria.

Kantaldiko abestiak pantaila bidez jarraitu ahal izango dira, eta baita banatuko den liburuxka baten bitartez ere.