-Hamabigarrenez, 2010az geroztik, eta Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz lelopean, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko Udalek kanpaina abiatu dute elkarlanean, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko erabakia hartu dezaten.

Leire Artolak, Beasaingo alkateak; Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkateak; eta Maitane Álvarezek, Ordiziako alkateordeak, kanpainaren nondik norakoak azaldu zituzten, Lazkaoko udaletxean egindako prentsaurrekoan.

Astelehenean, apirilaren 4an, zabaldu zen 2021eko errenta aitorpena egiteko aukera, gaztelaniaz zein euskaraz; eta datorren ekainaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Aitorpena egiteko hiru bide daude eta guztietan egin daiteke izapidea euskaraz: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa.

Azken hamaika urteetan Beasain, Ordizia eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen kopurua handituz joan da. Izan ere, Beasainen %8,37tik %20,89ra igo da ehunekoa, Ordizian %8,29tik %21,7ra, eta Lazkaon %15,52tik %30,52ra.

"Euskara hautatzea gonbidatu nahi ditugu goierritarrak, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako" adierazi zuten udal ordezkariek.