- Idiazabalgo Udalak bat egin du Korrikaren 22. edizioarekin, kilometroa erosiz, eta euskararen aldeko lekukoa ostiralean, hilaren 8an, iritsiko da Goierriko herrira.

Euskararen aldeko ekimena arratsaldeko 18.18ean iritsiko da udalerrira eta sei kilometroko ibilbidea izango du, herriko zenbait eragile eta enpresen laguntzari esker.

Festa jendetsua jai giroan biltzeko, programazio berezia prestatu dute udalerriko hainbat eragilek elkarlanean.

17.00etan txokolate jana egingo da herriko plazan, Guraso Elkartearen eskutik; 18.18ean Korrika Segura aldetik sartuko da Idiazabalgo kaleak zeharkatzera; 19.30ean Lazkaoko Jundajo txarangak udalerria alaituko du, Illati Euskara Elkarteari esker; 20.00etan, Gazte Asanbladak antolatuta, afari merienda egingo da herriko plazan. Egitarauari amaiera emateko, 21.00etan Idiazabalgo merkatariek emandako oparien zozketa gauzatuko da. Zozketarako errifak salgai egongo dira egun guztian zehar.