- Beasaingo Loinazpe eraikuntzako DBH 2. mailako ikasleek Ondo Jan Dezagun proiektuan parte hartuko dute bihartik apirilaren 8ra bitartean. Ekimena elikaduratik abiatuko da, jateko behar biologikoetatik hasi eta sukaldaritzaren plazetara iritsi arte. Dieta osasungarria eta orekatua izateko jarraibideak jorratuko dituzte. Era berean, ikasleen elikadura-ohiturei buruzko informazioa bildu eta aztertuko da proiektuaren baitan.

Bestalde, garaian garaiko produktuak jateak duen garrantzia eta inguruko baserrietako elikagaiak eskura izateak dituen onurak ere aztertuko dituzte parte-hartzaileek.

Ekimenaren amaierako helburua errezeta liburu digital bat eta komiki bat egitea izango da. Horretaz gain, errezeta bideo lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute.

Bihar, proiektuaren lehenengo ekintza egingo da. Elikadura eta bizi ohitura osasuntsuak elikatuz hitzaldia izango dute entzungai. Astelehenean, mamia egiten ikasiko dute. Asteartean, Beasaingo azoka ezagutuko dute eta errezeta bideoak aurkeztuko dituzte. Apirilaren 6an, asteazkenean, taloak egiten ikasiko dute. Hilaren 7an, ostegunean, egindako errezeta liburua aurkeztuko dute, baita sortutako komikiak ere. Horretaz gain, hamaiketako osasuntsu batez disfrutatuko dute.

Proiektuaren azken egunean, ostiralean, aldiz, Ondarroako portuko lonja batera txangoa egingo dute arrantzaleen ibilbidea ezagutzeko asmoz.