nterneten ez dagoena ez da esistitzen. Gehiegikeria bat dirudien arren, testuinguru eta garai berrietara egokitzea ezinbestekoa bilakatu da merkatari eta denda txikientzat. Izan ere, online egiten den salerosketa kopurua handitu besterik ez da egin azkeneko urteetan. Pandemiaren eraginez, gainera, joera hori are gehiago hedatu da. Goieki Goierriko Garapen Agen-tziaren iritziz, "ukaezina da Internet jendearen kontsumo ohiturak eraldatzen ari dela".

Gauzak horrela, digitalizazioaren erronkari aurre egiteko Goierriko Azoka egitasmoa abiarazi du Goieki Goierriko Garapen Agentziak. Helburu bikoitza du: batetik, Goierriko denda, ostalari, zerbitzu eta ekoizleen produktuen erakusleiho eta denda digitala izatea; eta, bestetik, merkataritza arloko eragileei aholkularitza eskaintzea, digitalizazioan ahalduntzeko urratsak emate aldera. Hortaz, Goierri eskualdeko produktu eta zerbitzuen ehundura indar-tzeko helburuarekin, bertako salmenta eta kon-tsumoa konektatzeko plataforma digitala da Goierriko Azoka.

Goiekik sustatutako ekimena

Goiekik azaldutakoaren arabera, erakusleiho digitala sortzea eskualdeko ekintzaile bati bururatu zitzaion pandemia betean: "Goiekin aurkeztu zuen ideia eta, eskualdearen balioa eta lehiakortasuna handitzeko baliagarri zen proiektu bat zela iritzita, sustatzea erabaki genuen". Ordurako Goiekik martxan zeukan Berrabiarazi programa, pandemiak eskualdean utzitako egoera aztertzeko helburuarekin, eta horren bitartez argi gelditu zen digitalizazioaren erronkari aurre egitea ezinbestekoa zela: "Pandemia garaian online salmentek izan zuten boom horren erdian, Interneten ez zeuden negozio asko kaltetuak suertatu ziren. Argi gelditu da ezinbesteko bilakatu dela Interneten egotea". Eskualdeko negozioak Interneten ikusgarri jartzea eta, bide batez, Goierriko zerbitzuen eta produktuen kalitatea herritar guztien eskura jartzea ere da plataforma honen helburua. Eskualdeko produktuak eskualdetik kanpo ere ezagutaraztea da bere xedea. Etorkizunean Goierriko, merkatari, zerbitzu, ekoizle eta ostalarien sare zabal baten eskaintza ematea da sustatzaileen nahia.

Erakusleiho eta denda

Bi aukera dituzte Goierriko Azoka plataforma digitalera atxiki nahi duten negozioek: erakusleiho digitala eta salmenta digitala. Lehenengoaren kasuan, negozio horren jarduna erakutsiko dute webgunean; ordutegia eta kontakturako datuak, katalogo digital baten gisa. Erakusleihoa lau kategoriatan dago banatuta: bertako ekoizleak, komertzioak, ostalaritza eta zerbitzuak. Bigarren aukerarekin, berriz, bere produktuak modu digitalean saltzeko aukera ere eskaintzen du. Erakusleihoak 100 euroko kostua izango du negozioarentzat, eta salmenta zerbitzuak, 200 eurokoa, BEZa kontuan hartu gabe. Herri bakoitzeko udalak dirulaguntza eskainiko du gastu horri aurre egiteko.

Erakusleiho digitalean agertu nahi duzu?

Erakusleiho digitalean agertu nahi duzu?oierriko Azokaren erakusleihoan parte hartu nahi duten negozioek goierrikoazoka.eus webgunetik bertatik egin dezakete eskaera, zuzenean, eta baita 843 739 988 telefono zenbakira deituta ere. Webgunearen bitartez eginez gero, izena eman izeneko atalean sakatu ondoren, galdetegi labur bat bete beharko du saltzaileak. Hori egin ondoren, pertsona bat jarriko da berarekin harremanetan, eman beharreko hurrengo pausoak zeintzuk diren azaltzeko. Goierriko Azokak, gainera, hasiera-hasieratik aholkularitza zerbitzua eskainiko die plataforma digitalean izena emanda dauden negozio guztiei, eta baita oinarrizko prestakuntza saioak ere.