- Legorretako Udalak Oinherri elkartearekin hitzarmena sinatu du proiektu hezitzaileak sortzeko asmoarekin. Hortaz, udalerri goierritarra herri hezitzaileen sareko partaide berria bilakatu da.

Haurren eta nerabeen heziketarako lagungarri izango delakoan batu da Legorreta sarera. Izan ere, Oinherri hezkuntzan eta umeen aisialdian jarduten da eta herri hezitzaileen filosofia udalerrietan txertatzea du helburu; egun, Legorretan ere. Erabaki honen bitartez, Legorreta beste 28 udalerriren pausoak jarraitzen ari da.

Herri hezitzaile izateak esan nahi du umeak eta nerabeak ere eskubide osoko pertsonatzat hartzea, eta, beraz, herrian parte hartzeko bideak zabaltzea. Hori posible izateko, laguntza emango du Oinherri elkarteak. Besteak beste, formazioa eta aholkularitza emango dizkie Legorretako Udalari eta herriko hainbat eragileei.

Herri hezitzaileen sarera batzea ere, Legorreta 2030 plan estrategikoan lehentasuna den gaia lan-tzea da. Goierritar Udalak haurren eta nerabeen heziketaren ardura herri osoak hartzea nahi baitu; elkarteak bezala. Izan ere, Oinherri elkarteak herri hezitzailea hiru zutabetan banatzen du: eskola, Udala eta herrigintza.

Umeen eta nerabeen parte-hartzea bultza-tzen hasteko, Legorretako Udalak prozesu bat martxan jarri du, Arremanitz kooperatibaren laguntzarekin. Prozesu honen asmoa haur eta nerabeen parte-hartze egonkorra bultzatzeko oinarri batzuk jartzea da. Horretarako, Udalaren, udalerriko eragileen eta gazteenen iritziak jasoko dira.

Batetik, 9-18 urteko herritarren nahiak jasoko dituzte adituek. Besteak beste, herritar horiek nola ikusten duten Legorreta, eta zer iritzi duten aisialdiaz eta parte-hartzeaz galdetuko dute.

Bestetik, Udalarekin eta udal eragileekin egingo dute lana galdeketaren antolatzaileek, umeen eta nerabeen parte-hartzea bultza-tzeko zer neurri hartu aztertu eta erabakitzeko.

"Prozesu horren bidez, herri hezitzaileen kultura txertatu nahi da Udalean eta herriko eragileen artean, eta gaur egun Legorretako umeek eta gaztetxoek zer premia dituzten jakin, horiei erantzuna eman ahal izateko", azaldu du Legorretako Udalak.