- 100 urteren bueltan bizirik dirauten jatetxeak ez dira asko. Martínez jatetxea da balentria hori lortu duen gutxietako bat. Ordiziako taberna klasiko hau 1890. urtean sortu zen eta Xabier Martínez etxe honetan gauzak ondo egiten dituen Martínez familiaren laugarren belaunaldia da. Betiko sukaldari-tza aurkituko dugu bertan: onddoak, babarrunak, ehiza eta, Goierrin egonda, odolkiak ere, noski. Hitz bakar batean esateko, tradizioa eskaintzen dute etxe honetan, beti ere, sasoiko kalitatezko produktuetan oinarrituta.

  • NOTICIAS DE GIPUZKOAko egutegia

100 urte baina gehiago darama Martínez Jatetxeak martxan. Ibilbide luzea duzue...

-Etxe honetan lanean diharduen Martínez familiako laugarren belaunaldia naiz. Birraitonak zabaldu zuen taberna, 1890. urtean. Gaur egun, birraitonak ekitako bidetik jarraitzen dugu, lan eta lan, betiko sukaldaritza eskaintzen eta gauzak ondo egiten.

Hitz batekin definitu beharko bazenu taberna, zein aukeratuko zenuke?

-Martínez Jatetxea gauza bat bada, tradizioa da. Etxe honetan garaiko eta tokiko produktu freskoak eskaintzen ditugu: barazkiak, ehiza, onddoak, babarrunak eta tripakiak, noski. Tabernan ere pintxoak eta kaxuelitak prestatzen ditugu eta salda. Abuztuan ere salda badago! Ordizian gaudenez, odolkiak ere izaten ditugu.

Tokiko produktuak aipatu dituzu eta Ordiziko azokatik oso gertu zaudetenez, bertan erosten dituzue?

-Noski. Nolabait esateko, Ordiziako azoka da gure supermerkatua. Lotura estua dugu merkatuarekin. Asteazkenetan, azoka egunean, ohikoa da baserritarrak gurera etor-tzea hamaiketakoa egitera postua antolatu ondoren.

Pandemiaren ondorioz ohiturak aldatu diren antzeman duzue?

-Pandemiaren ondorioz, etxera eramateko zerbitzua jarri genuen martxan, eta hori gure artean gelditu da. Izan ere, oraindik ere badaude etxean jateko menua eskatzen digutenak. Poteoa ere oraindik ez da lehen bezalakoa, jendea ez dabil hainbeste kalean, baina ziur nago normaltasuna etorriko dela eta lehengo ohiturak berreskuratuko ditugula.

“Tradizioa da ondoen definitzen gaituena, eta abuztuan ere, gure etxean salda badago!”