- Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak Zur eta Lur egitaraua aurkeztu dute, udazkenero bezala. Aurten, baso-bainua deituriko jarduera berria prestatu dute, Beunda atsedenlekuaren inguruko pagadian, Aizkorri-Aratz natura parkean ospatuko dena.

Baso bainua, Japonian sortutako Shinrin-Yoku jardueran oinarritua dago. Jolas batzuen bidez, naturarekin harremanak eskaintzen dituen onurak berreskuratuko dira.

Hitzordua urriaren 24an izango da, igandean, goizeko 10:30ean, Amaia Agote adituaren eskutik. Aldez aurretik izena eman behar da.

- Gerriko Kultur Elkarteak sukaldaritza ikastaroa antolatu du Iker Markinez sukaldariarekin.

Ikastaroarekin, etxeko menuetan barazkien txertaketa sustatu nahi da. Horretarako, barazkiak oinarri izanda, errezetak landuko dira: bakailao kokotxak barazkiekin, oilasko tallarinak panatxearekin, eta piperradaz betetako txapelak, besteak beste.

Ikastaroa urriaren 25ean, astelehenean, ospatuko da. 18.30etan hasi, eta 20.00etan amaituko da. Lazkaoko Gerriko Txokoan izango da. Aldez aurretik izena eman beharko da, urriaren 22a bitartean. Matrikularen kostua hamar eurokoa izango da.