44.516 biztanle ditu Goierrik. Herri nagusia Beasain da 14.000 biztanle baino gehiagorekin. Goierrik aldaketa asko izan ditu azken urteotan, baita covid-19ren eraginez. Sektorea egoera berrira egokitu da.

Eneritz Iturriozek, Goierriko Merkataritza Bulego Teknikoko arduradunak, pandemiak eragindako krisi egoerak saltokien izatea gehiago zaildu duela aipatu du. “Elikadura-salmentako komertzioak alde batera utziz, gainontzeko saltokien gehiengoak aurreko urtean baino bezero gutxiago izan dituztela jakinarazi dute”. Sektoreak %32,5eko batez besteko beherakada izan du 2020 urtean, 2019ko datuekin alderatuz.

Galerei aurre egiteko laguntza desberdinak abiarazi dira erakundeetatik. “Eusko Jaurlaritzak zein udaletxeek bestelako diru-laguntzak atera dituzte. Bestalde, tokian-tokiko saltokiak sustatzeko salmenta-kanpainak ere abian ipini dituzte, bono kanpainak, besteak beste”. Diru-laguntza hauek eskualdeko %52,5 komertzio txikietara heldu dira. Gehienbat autonomoei aplikatzekoak izan dira, edota alarma egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan duten saltokientzat.

“Jasotako laguntza guztiak funtsezkoak izan dira egoerari eusteko eta bizirauteko. Asko izan ez badira ere, oso lagungarriak suertatu zaizkigu”, aitortu du Juan Alberto Cortések. Urte honetan 95 urte beteko dituen familiarteko Cortés jantzi-dendaren jabea da. Negozioak dituen urte hauetan guztietan ez du aurten bezain beste sufritu. Osasun krisiak eragindako lan-aktibitatearen etenaldiari aurre egiteko instituzioetako laguntzak etsipenean ez hondoratzeko bultzada izan dira.

Covid-19aren krisiak merkatari txikien salmentak %3,5 murriztu ditu 2020urtean, aurreko urteko datuekin parekatuta. “Alarma egoeraren ondoren, eta normaltasun berrian sartzearekin batera, sektorearen igoera nabaritu zen, baina indarberritze hori ez zen berdina izan sektorearen alor guztietan”. Hala eta guztiz ere, errekuperazioa ez da nabaritzen hasiko 2021eko bigarren seihilekora arte, Iturriozek jakitera eman duenez.

Merkatariak digitalizaziorantz bideratzen ari dira esfortzu guztiak. “Online erosketen igoera nabarmena bazen azken urteetan, pandemiarekin erosketen igoera hori nabari handitu da”, azaldu du Eneritz Iturriozek.

2019tik aurrera, 4,4 puntu hazi da Internet bidezko salmenta egiten duten denden tasa, %16ra arte, Iturriozek argitu duenez. Bestetik, saltokien %15,6ak digitalizaziora salto egitea pentsatzen du epe ertainean. “Argi dago etorkizuna eta digitalizazioa batera doazen bi kontzeptu direla eta ezinbestekoa izango dela negozioak mantentzeko; 4.0 merkataritza baten paradigmaren aurrean gaude”.

Goierriko udalerrietako establezimendu txikietan erosteak online bidezko erosketak ez dituen balio batzuk ditu, kontsumitzailearentzat garrantzizkoak direnak: arreta pertsonalizatua, profesionaltasuna, kalitatezko produktua, prezioa saltzen den produktuari egokitua izatea, gertutasuna, eta tokiko ekonomia sustatzea.

Horrela, gaur egun hain ezaguna den km0 kontzeptua bultzatzeko aukera zabaltzen da; hau da, bertako produktua kontsumitzea, eta bertako ekoizlearena.

zauritutako ostalaritza

Goierriko bailaran, ostalaritzak pandemiaren eraginez jasan duen egoera latza izan da. Eneritz Iturrioz kontziente da zaila dela negozio bat itxi behar izatea, egoera hori zenbateraino luzatuko den jakin gabe.

Haatik, sektorea eraberritu egin da etxera eramateko produktuen salmentarekin, eta abarren bidez. Aitzitik, terrazen zabalerarekin ostalariek argia ikusi dute tunelaren amaieran, arnas bide bat zabaldu zaie. “Bezeroek ostalaritzarekiko izan duten jarrera positiboa izan da, ostalaritzarekiko lotura estua duen komunitate bat baikara”.

Ima Galdinok, Beasaingo Ibañez kafetegiaren jabeak, bezeroen erantzun ona eta laguntza zailtasunetatik ateratzeko ezinbestekoak izan direla azpimarratu du. “Urtea ikaragarria izan da, ahazteko modukoa. Hala ere, gure bezeroen laguntza dugula jakiteak aurrera eginarazi digu. Asko eskertzen dut haiek emandako sostengua”.

“Uda garaian gaudenez, eta eguraldia lagun dugunez, terrazek duten aforo baimenduaren kopuru osoa betetzea espero dugu”, baikor aipatu du Iturriozek. Dena dela, Goierriko eskualdeak bizi duen ezjakintasun egoera eta etengabeko aldaketek zaildu egiten dute aforoen eta ordutegien malgutasuna. “Momentuan momentukoari probetxu gehien ateratzea tokatzen da”.

Zalantzazko etorkizuna

Merkataritza eta ostalaritza izan dira koronabirusaren pandemiaren eraginez kaltetuen atera diren sektoreak. Nahiz eta adituek egoera hobe-tzen joango dela dioten, gizarte aldakorrari egokitzen jakitea gomendatzen dute.

2020eko barometroaren arabera, merkataritzaren eta ostalaritzaren aldakortasuna eta moldatzeko gaitasuna adierazten duten zenbait faktore daude. Iturriozek faktore horiek covid-19aren krisiari aurre egiteko abian jarri behar izan zirela azaldu du, egoera korapilatsuetatik ateratzeko martxan jarraitzen dute, eta etorkizunean planteatzen diren egoeren aurrean ere erabiliko diren tresnak direla uste du.

Bestalde, salmentan lan egiten duten sektore oro etengabeko profesionalizatze prozesuan dihardute. Baliabide teknologiko eta kudeaketa-programak sortzen eta instalatzen ari dira. TiketBAI sistema da esanguratsuena. “Sistema ezartzeko hainbat saltokik inbertsioak egin beharko dituzte euren fakturazioak behar berrietara moldatzeko”. Instituzioetatik laguntzak prestatzen ari dira, oraindik zehaztuta ez daudenak.