- Ingeniaritza Mekanikoa ikasten duten hirugarren mailako ikasleek seihilekoko proiektua aurkeztu zuten ostiralean Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean.

Covid-19ak eragindako osasun-krisiak sortutako gabeziak gaindi-tzeko asmoz, gaixotasun batengatik isolatuta dauden pertsonei elikagaiak, sendagaiak edo lehen arretako bestelako materialak modu seguruan helarazteko garraio sistema garatu zuten.

Proiektua garatzeko garapen jasangarria kontuan hartu zuten eta ondorengo irizpideak jarraitu zituzten: garraiatu behar den produktua beti babestuta egotea, garraio sistema trinkoa eta ergonomikoa izatea, autonomoa izatea, ingurumenarekiko errespetagarria eta energia kontsumo baxua izatea, eta kutsadura akustikorik ez sortzea.

Ainhoa Sarasola eta Oier Otxoa ikasleek proiektuaren zailtasuna azpimarratu zuten aurkezpenean, proiektua teknologikoki garatzeaz ez ezik, beste ikuspegi batzuk ere kontuan hartu behar izan baitzituzten: denbora zehatz bat martxan egotea, pisu jakin bat altxatzeko gaitasuna izatea, material birziklagarriak erabiltzea eta aurrekontu zehatz bat errespetatzea, besteak beste.

Hala ere, ikasturtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko modu polita dela ere adierazi zuten: "Ikasten goazen eran etorkizunera prestatzen ere bagoaz".

Aitor Zuriarrain irakasleak eta Ingeniaritza Mekanikoko 3. mailako koordinatzaileak garatutako proiektuarekin teknologiaren beste alor bat erakutsi nahi izan zuen: "Teknologia industria alorrera edo informatikara oso lotuta dago gizartean, baino oso zabala da. Hori lantzea izan da proiektuaren helburuetako bat, teknologiaren balioak erakustea". Covid-19aren egoerak horretan lagundu duela ere aipatu zuen.

Aitor Zuriarrain bat dator Ainhoa Sarasola eta Oier Otxoa ikasleekin: "Ikasturte guztiko materia teorikoa proiektu honetan aplikatu behar izan dute, eta oraingoan ez diegu proiektu erraza jarri, horrelako produktu gutxi baitaude merkatuan, eta erreferentziarik gabe, zerotik egin dute prototipo guztia ikasleek".

Irakasleak eta ikasleak oso gustura geratu dira egindako lanarekin eta proiektuaren azken emaitzarekin. Ez dute alde batera uzten egindako lana egunen batean merkaturatzea.