- Ormaiztegin egitarau zabala antolatu dute herrian irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzeko, biharko egunez ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta. Hala, hilabete amaiera arte luzatuko dira ekintzak.

Batetik, bisita gidatuak antolatu dituzte. San Andres Herri Eskola eta Udal liburutegiak elkarlanean, eskolako haurrak herriko liburutegira hurbiltzeko helburuz, aste honetako astearte eta atzo bertan egin zituzten bisita hauek, baina datorren astean, hilaren 27 eta 28an ere errepikatuko dira. Goizez joango dira liburutegira ikasle gazteak.

Irakurle txikiak martxan jarduera ere abiatuko dute. "Liburuaren eguna ospatuko dugu haurrekin jolasean, irakurtzen eta entzuten", nabarmendu dute Udaletik. Hala, gizarte etxe kanpoaldean lau espazio bereiziko dituzte (euria eginez gero Urbeltz frontoi txikian garatuko da ekintza). Bihar egingo da, 16.30etik 18.30era. Lau gune horietan honakoak sortuko dira: irakurketa txokoa, nire liburu gogokoaren bila, eskulanak eta ipuin kontalaria.

Haurrei zuzenduta ez ezik, herritarrengana ere zabalduko da eskaintza. Hala, bi liburu aurkezpen egingo dira. Lehenengoaa bihar izango da, 18.30ean. Maldito Gorri nobelaren sortzaileetako bat, Agustin Galabide, Gizarte Etxeko areto nagusian izango da liburua aurtezten.

Bestalde, apirilaren 30ean, gune eta ordu berean, Ane eleberriaren sortzailea den Alaine Agirre idazle gaztea bertan dela liburuaren aurkezpena egingo da.

Jarduera guztietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izen ematea kultura@ormaiztegi.eus edo 688 657 455an whatsapp bidez.