- Lazkaoko San Prudentzio jaiak ez dira ospatuko aurten ere. Horren ordez, eta herritarrak egoeraz jabetzeko asmoz, kontzientziazio kanpaina berri bat jarri dute martxan. Hain zuzen ere, kanpaina honen bitartez, herritarrak neurriak betetzeak duen garrantziaz kon-tzientziatzeaz haratago, festa egunak izango liratekeenen atarian, "erantzukidetasun eta ardura mezua indartu nahi du Udalak".

Horretarako hainbat euskarri material garatu ditu Udalak. Batetik, indarrean dauden neurri guztiak batzen dituen kartel bat osatu du, herriko taberna, jatetxe, denda zein saltokietan jartzeko. Era berean, ostalarien artean banatzeko baso-azpikoak ere egin ditu, herritarrei mahaian eseri aurretik, hori desinfektatua dagoen ala ez jakinarazteko.

"Birusak azken urtean eta bereziki azken asteotan izan duen bilakaerak eta kutsatze kopuru altuek ezinezko egin dute jaiak ohiko eran ospatzea. Ez da, beraz, jai egunik egongo, ohiko egunak izango dira Lazkaon eta herritarrei ohiko eran, erantzukidetasunez eta arduraz, jokatzeko eta neurriak betetzen jarraitzeko deia luzatzen diegu", azaldu zuen Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak.

Herriko jaiak ez ospatzearen aldeko erabakia bezala, kontzientziazio kanpainak ere "herritarren segurtasuna eta osasuna ditu ardatz". Hala, alkateak esan du festa egunak izango liratekeen egun horiei begira "neurriak zorrotz" bete-tzen direla bermatzeko, udaltzaingoaren zerbitzua erreforzatu" egingo dela.

"Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun jarraibideak errespetatuz eta, kaleko talde masiboak saihestuz. Birusari aurre egiteko ezinbestekoa da horren aurka guztiok bat egin eta indarrean dauden neurri oro betetzea. Horrela lortuko dugu, ziur, datorren urtean San Prudentzioak, Lazkaomendiko jaiak eta dena delakoak inoiz baino gogotsuago ospatu ahal izatea", amaitu du alkateak.