- Idiazabalgo Udalak egitarau oparoa antolatu du apirilean eta hasteko aurretik izena eman dutenek San Adriango kobazuloako altxorrak ezagutzeko aukera izango dute.Ez dira bakarrik joango baina, izan ere, ingurune eder hori Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik bisitatuko dute. Hain zuzen ere, Alfredo Moraza historialariak gidatuko du mendi ibilaldia; bertan xehetasunak eskainiko dituzte apuntatutako guztiei; 30 lagun inguru elkartuko dira gaurkoan.

Ohikoa den moduan, Aldaolako aparkalekutik aterako dira, goizeko 9.30ean. Lizarrateko nondik norakoak ezagutuko dituzte, eta azken urteetan Aranzadiko arkeologoek San Adrianen egindako indusketetan agertu diren aurkikuntzen berri emango du Moraza historialariak. Esku hutsik ez dira itzuliko herrira partaideak, izan ere, San Adrian-Lizarrate; Gipuzkoako historiaren igarobidea liburua eskuratuko dute.

Covid-19aren bilakaera txarra zela eta, Udalak ekimen hauek bertan behera uztea erabaki zuen. Hala ere, datozen egunetan orain hilabete batzuk atzeratutako ekintzak antolatuko dituzte. Horrela, ostiralean, hilak 23, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen azken emanaldia, Amaren intxaurrak, emango dute Igarondo pilotalekuan.

Horrez gain, I. Idiazabalgo aire libreko pintura lehiaketa ere atzeratu da, baina Udalak jakinarazi du egingo dela, egoerak ahalbidetzen duenean.