- Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz! kanpainara atxiki dira beste urte betez Ordizia, Beasain eta Lazkaoko Udalak. Urtez urte hiru udalerriek bat egiten dute kanpaina aurkezteko, eta aurtengoa Ordizian egin da. Hala, kanpainaren inguruko xehetasunak ematen Maitane Alvarezek, Ordiziako Udaleko alkateordea eta euskara zinegotziak; Leire Artolak, Beasaingo alkateak, eta Amagoia Naldaizek, Lazkaoko euskara zinegotziak.

Apirilaren 12tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute. Errenta aitorpena internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako, eta aldiz, errenta mekanizaturako hi-tzordua eskatzeko epea apirilaren 16an hasi eta ekainaren 8an amaituko da.

"2010 urteaz geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskain-tzea", azaldu du Alvarezek.

Gipuzkoako Foru Ogasunak, bestalde, iaz lau urteko egitasmoa abiarazi zuela ere gaineratu du alkateordeak, azalduz, egitasmo honen helburua dela 2023ari begira "100.000 herritarrek euskara aukeratzea Aldundiko Ogasuna eta Finantza Departamenduarekin harremanak izateko". Iazko datuei erreparatuz, Gipuzkoan 80.519 herritarrek egin zuten tramite hauek egiteko euskararen aldeko hautua.

"Edozein unetan aukera dezakegu euskara Ogasunarekin harremanak izateko eta errenta aitorpena aurkeztean ere bai", gaineratu du alkateordeak.

Ondoren, Artolak hartu du hitza, eta gaur egun errenta aitorpena aurkezteko dauden hiru bideak azaldu ditu, zehaztuz "guztietan" erabili daitekeela euskara.

Lehenengo aukera autolikidazio proposamena da. "Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurreran-tzean, datozen ekitaldietan zehar, Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu", zehaztu du.

Bigarrena mekanizatua dela adierazi du Beasaingo alkateak: "hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adieraztea besterik ez da. Hau da, Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu; eta Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu".

Hirugarren bidea, bestalde, Internetez da, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. "Bestalde, aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska dezakezu", nabarmendu du Artolak.

Orain hamar urte abiatu ziren hiru herriak elkarrekin eginez kanpaina hau. Datuak, dudarik gabe, aipagarriak dira eta nabarmen ikus daiteke 2010etik 2020ra, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan dela. Ordizian %8,29tik %21,15era igo da, Beasainen %8,37tik %19,71ra, eta Lazkaon, berriz, %15,52tik %29,20ra.

Eta horrek horrela jarrai dezan, Naldaizek errenta aitorpena euskaraz egitera gonbita zabaldu du. "Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea".

Beraz, hiru ordezkariek euskararen aldeko aukeraz baliatzera gonbidatu dituzte aurten ere goierritarrak, "errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako".