- Segurako Ardixarra Interpretazio zentroak bere irudia berritu du. Aurrerantzean Iraganera bidaia izango da leloa, eta merchandaising berria ere sortu dute. Hau egiteaz Zura diseinu eta komunikazio enpresa arduratu da.

2019an 15. urtemuga ospatu zuen zentroak, eta horren harira hainbat berrikuntza jarri zituzten martxan. Pandemiak epeak aldatu baditu ere, dagoeneko erakusteko moduan izan dira egindakoak. Hasteko, Erdi Aroko Interpretazio Zentroa etxe osora zabaldu dute; beheko solairuan hasi eta bigarren solairura arte. Lehen bigarren solairuan soilik zegoen espazio hau, eta orain eraikin osoan eskaintzeak onurak ekarriko dizkio zentroaren helburuekin bat eginez. Bigarren solairu horretan historia eta geografia aldetik begiratuta, kokapen bideoa egin dute, bisitariei zuzenduta.

Unitate didaktikoak ere sortu dituzte, batez ere, eskolako haur eta gazteekin lantzeko, eta familien-tzat. Asteburuan jarri dituzte martxan, eta hemendik aurrera ere eskainiko dira. Ez hori bakarrik, izan ere, erosi nahi duenak hiru euroan eskuratu ahalko du sortutako material hori. Bertan, azti eta atentzioz, pistak edo irudiak bilatu beharko dira, eta honela, modu dinamiko batean ikasten joan erdi aroko garaiaz.