- Kirola egitearen onurak sarritan nabarmendu dituzte adituek, eta ohitura on horiek bultza-tzeko helburuz, Lazkaoko Joxemiel Barandiaran Udal kiroldegian egitarau oparoa eskaintzen dute urte guztian zehar. Orain, Aste Santuak heltzeko bi aste eskas gelditzen diren honetan, kiroldegiak herriko gazteei zuzenduriko kirol eskaintza zabala antolatu du, “oporraldian ere, gorputza astindu eta kirola egiteko aukerak izan dezaten”. Hauek eskaintza horretan gehien interesa-tzen zaizkien alorrak aukeratu ahalko dute.

Gauzak horrela, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek bodytraining edota zumba ikastaroak izango dituzte aukeran martxoaren 30etik 31ra, eta apirilaren 6tik 9ra egiteko.

Bodytraining ikastaroa gorputz osoa lantzeko aproposa dela azaldu dute. Hala, guztira, hiru saio eskainiko dira, martxoaren 30ean, apirilaren 6an eta 8an banatuta. Ordutegia goizeko 11.00etatik 12.00etara bitartekoa izango da eta egungo osasun egoera dela eta, plaza kopurua mugatua izango da, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko. Beraz, hamabi plaza eskainiko dira modalitate honetarako.

Zumba ikastaroari dagokionez, bestalde, dantza eta kirola egitea gustuko dutenentzat bideratutako ikastaroa izango da eskainiko dena. Bertan koreografia desberdinak landuko direla jakinarazi dute, baina ez hori bakarrik, izan ere, koordinazioa eta erritmoa lantzeko aukera izango dute gaztetxoek Lazkaon. Kasu honetan ere hiru izango dira eskainiko diren saioak, eta egun hauetan garatuko dira: martxoaren 31n, apirilaren 7an eta 9an. Ordutegiari erreparatuz, beste ekintzaren ordu berdinean emango dira, eta plaza kopuruak ere pertsona-muga bera izango du.

Bi kasuetan, ikastaroen kuota 10 eurokoa izango da kiroldegiko bazkide direnentzat, eta 14 eurokoa, aldiz, bazkide ez direnentzat. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago eta interesdunek Resasport (Nubapp) aplikazioaren bitartez edota Kiroldegian bertan apuntatu ahal izango dira martxoaren 21a arte. Izen-emate ordena mantenduko da eta beraz, lehenengo izena ematen dutenek plaza hori izateko aukera izango dute.

Amaitzeko, Lazkaoko Udalak jakitera eman du bizi dugun egungo osasun egoera zein den kontuan hartuta, “saio guztietan prebentzio, segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuta” egongo direla.