- Urtez urte maila bikainean aritzen dira Tobera Musika Eskolako ikasleak, Aizkorpe bailarako hainbat herritako umez osatuta. Aurreko asteburuan, esaterako, 16. piano-jaialdia egin zen Andoaingo Bastero kulturgunean, eta bertan izan ziren goierritar gaztetxoak, orain arteko moduan, izan ere, jaialdiaren edizio guztietan hartu izan dute parte Tobera Musika-eskolako ikasleek.

Aurten 9 ikasle joan ziren bertara Seguratik eta Zegamatik. Hain zuzen ere, hauek izan ziren partaideak: A kategorian Maia Pérez, Maddi Mardaras, Udane Inza, Noa Otaegi, Adei Martínez, Libe Sarasa eta Aintzira Zabaleta; B kategorian Naiara Iraola; eta C mailan, berriz, Malen Otaegi. Guztiek brontzezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituzten, jendaurrean duten maila bikaina erakutsiz.

Joandako ikasleetako 7-11 urtetik beherako kategorian aritu ziren. Hala nabarmendu dute Tobera Musika Eskolako kideek: “Ikasle oso gaztetxoak eraman genituen Andoainera musika-eskolaren aldetik, beren ikasketa-prozesurako oso baliagarria delakoan”. Pozik agertu dira lortutako emaitzekin, zehazki, Ainhoa Enatarriaga piano-irakaslea gustura azaldu da egindako lanarekin eta lortu diren emaitzarekin.

Bertan parte hartu duten guztiei izen-emate kuotaren erdia ordainduko die Tobera Musika eskolak ikasle hauei, nolabait laguntza ekonomikoa emanez ikasketa prozesuan eta egindakoa balioan jarriz.

Pandemiak ez ditu geldituko Toberako kideak. Martxoaren bukaeran, hain zuzen, Seguran, Zerainen eta Zegaman musika-bideoak grabatuko dituzte Toberako ikasleek kalean. Musika-formazioak indartzeko asmoa ere agertu dute Eskolatik, “pandemiaren bilakaerak hobera eginez gero”.