Aste honetan aurkeztu du Sasieta Mankomunitateak edukiontzien garbiketarako erosi duen kamioi berria, eta honek “hainbat arlotan hobekuntza nabaria” ekarri duela azaldu dute Iñaki Erauskin, Sasieta Mankomunitateko ordezkariak, eta Leire Artola, Mankomunitateko presidenteak. “Herritarren bizi kalitatearen eta ongizatearen mesedetan, ibilgailu berriak zerbitzu eraginkorragoa eta jasangarriagoa eskainiko du, eta gutxiago kutsatzen duen erregai garbiagoa erabiltzen du”.

Edukiontzien garbiketa lehendabizi barrutik eta gero kanpotik egiten da. Kamioi honetako garbiketa denborak programagarriak dira, edukiontzien garbiketa optimiza-tzeko eta hobetzeko. Barne-garbiketa, bestalde, robot baten bidez egiten da. Ponpa batek ura bultzatzen du, gehienez 84 litro minutuko emariarekin, eta gehienez 180 baretako presioarekin “garbiketa ezin hobea lortzeko”. Kanpoko garbiketa barra finkoekin egiten da.

Kamioi berriak zaharra ordezkatuko du. “Egungo kamioi zaharrak 19 urte ditu eta horren ordez erabiliko da berria. Bere helburua kalean dauden edukiontziak barrutik eta kanpotik modu eraginkorragoan garbitzea da, ahalik eta gutxien kutsatuz”. Sasietak baliabide berri honekin bere azpiegituren eta tresneriaren berrikuntzarekin mankomunitateko udalerrietan eskaintzen duen zerbitzua hobetuko duela gaineratu du presidenteak.

Kamioi berria Gas Natural Konprimituaz propultsatuta dago, eta Sasietak duen ibilgailuen flotan gasarekin funtzionatzen duen lehena da aurkeztu den kamioia. Gas natural konprimitua, funtsean, metanoz osatuta dago ia %90ean. Bere abantaila nagusietako bat gasolina edo diesela baino erregai askoz garbiagoa izatea dela azaldu dute ordezkariek. Hala, zilindroetan errekuntza egiterakoan, leherketen emaitza ia dena karbono dioxidoa eta ura da. Nitrogeno oxidoen eta kedar-partikulen kopurua, berriz, ia nulua da. Erregai gisa gas hau erabiltzen duten ibilgailu eguneratu guztiek bezalaxe, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Eco etiketa darama.

Inbertsio bat izan da mankomunitatearentzat halako ibilgailu berri-tzailea erosi izana, eta Resa Guipuzcoana SAri erosi zaio, lehiaketa publiko baten ondoren, eta kostua 302.487,90 eurokoa izan da.