- Bertako Baserritar Ekoizleen Gida izeneko txostena sortu berri du Lazkaoko Udalak lehen sektorea lagundu eta bertako produktua sustatzeko. Material berria izango da, eta hori aurkezteko ekitaldia egongo da gaur arratsaldeko 19.00etan hasita, Areria Aretoan. Egungo egoera medio, gonbidapenak eskuratu beharko dira derrigorrez saiora joan ahal izateko, eta horiek www.lazkao.eus webgunearen bidez eskuratu daitezke. Ekitaldia doakoa izango da.

Lehen sektorearen aldeko apustua ez da berria Lazkaoko Udalean. Hain zuzen, 2019-2023 Legealdi Planean Udal Gobernuak jasoa du lehen sektorea sustatu eta bertako produktuen kontsumoa bultza-tzeko lan-lerroa. Gidaren egitasmoa, baina, COVID-19aren bilakaerak “azkartu” duela jakinarazi dute Udaletik: “Pandemiaren ondorioz, San Migeletako feria ezin eginaren aurrean, ekoizleen lana merkatura-tzeko bide berrien bila hasi ginen”. Hainbat ideia landu ziren: “aukera bat zen herriko kontsumo bonoen idea baserritar ekoizleen alorrera ekarri eta bono berezi batzuk kaleratzea. Egokia ikusi zen eta baserritarrekin batera adostu da bonoak kaleratzeko unea, uzta eta ekoizpena tarteko”, gehitu dute. Hala, martxoan kaleratuko da bono berezi hauek, eta Udalak data gerturatu ahala jakinaraziko du funtzionamendua. “Bono horiek erabili ahal izateko ezinbesteko da ekoizleak ezagutzea. Hori lortu nahi da gida honekin: lazkaotarrek jakitea bertako produktua non daukan eskura”.

Gida gaur aurkeztu ostean Lazkaoko etxebizitza guztietara banatuko da eta eraikin publikoetan ere eskuragarri jarriko da. Bertan baserritar ekoizleen informazioa dago, hala nola, kontaktua, salmenta puntuak eta ordutegiak. Era digitalean ere eskura egongo da webgunean.