- Umezurtz gelditu dira Beasaingo dantzari guztiak astearte iluntzean Francisco Javier Sarriegi Olano, Paxatxo, hil ondoren, bihotzekoak emanda. Hain zuzen, Goierriko herriren batean dantzak indar, ibilbide eta presentzia badu, hori Beasain da.

“Bizitza osoa dantzari edota dan-tza-maisutzari eskaini dion Paxatxok utzi gaitu, ezustean, eta sinetsi ezinda geratu gara”, azaldu dute Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kideek. Ordu gutxian sare sozialak mezuz bete ziren, harridura, tristura eta urte hauetan emandako guztiagatik esker ona azalduz.

“40 urte pasa aritu da herriko dan-tza-maisu lanetan, eta bere eskutik plazaratu dira ehundaka dantzari Loinatzetan ohikoak ditugun dantza horietan”, gehitu dute, haren izateko modua ere azalduz: “puntu puntuan, neke gabe, milaka entsegu tartean, aspaldiko dantza-maisuek egiten zuten moldean banaka-banaka dan-tzari txikiak trebatzen, pazientzia ikaragarriz, bera aurrez-aurre jarrita, haurrak dorpe hasieran, poliki poliki finduz gero, eta ekinaren poderioz, urteroko dantzari talde bikaina osatu izan du, herriaren aurrean euren iaiotasuna eta grazia erakusteko”.

Txiki-txikitatik dantza gustoko izan du Paxatxok. Lauzpabost urterekin hasi zen dantzan plazan, aita Joxe dan-tza-maisuaren eskutik, eta honen lekukoa hartu zuen 14 urte zituenean. Bide horri jarraituz, handik gutxira, herriko Aurreskua eta Ezpata-dantza urtero aurrera ateratzearen ardura bereganatu zuen beasaindarrak.

Hitz ederrak besterik ez dituzte berarekin dantzan ibili direnek. Azken urte hauetan, Igartzako dan-tzarien kofradiako “kide gogotsua” dela agertu dute dantza taldekoek: “Banderazale lanetan jardun izan du, eta 2016ean Igartzako Kofradiako Ohorezko kide izendatu genuen dan-tza-maisu izateari utzi zionean”.

Maisua izatean besteei dantzak erakusteak ez ezik, Euskal dantza-tradizioan hain garrantzitsuak izan diren, eta galzorian daudenei eusteko esfortzua egin du. “Aita Joxeri aurreko maisuengandik etorri zitzaion ondarea jaso zuen berak ere, eta fideltasun handiz, hamarkada luzez gorde eta eskura jarri digu ondare baliogarria”.

Atzo iluntzean izan zen elizkizuna eta bertan senitarteko batek dantzatu zion azken agurra, beasaindar eta dantzari guztien ordezkari moduan. “Izango dugu aurrerago aukerarik gure lagunari behar bezalako agur-ekitaldia egiteko”, aurreratu dute Aurtzakatik.

Lauzpabost urterekin hasi zen dantzan eta ibilbide luzearen ostean, 2016ean Igartzako Kofradiako Ohorezko kide bihurtu zuten