- Eztitxu Mujika alkatearen hitzetan, Zaldibiak "denboran iraungo duen" Udaleko irudi berria aukeratu nahi du. "Ideia aspaldikoa da, eta Udalak eraikin berria izango duenez, momentu egokia da".

Lau irudi berri sortu dira. "Ostiralera arte martxan egon da galdetegia. Bertan bi galdera zehatz: ea lau horietako irudi berriren batek asebetetzen duen, eta, bestalde, ea baten bat lekuz kanpo dagoen. Asteartean, ekintza honetarako sortutako Jarraipen Batzordean erabakiko dugu ea azkenean lau horiek diren hautaketa prozesuan jarriko direnak, edo ez. Eta ekarpenak egon badira, kontuan hartuko dira", gehitu du.

Herriari hitza emango zaio. Abenduaren 14tik 20ra fisikoki ikusgai egongo dira aukerak eta bozka eman ahalko dute 12 urtetik gorakoek. "12 urtetik beherakoek eskolako geletan egingo dute lanketa, eta haiek ere emango dute bozka", azaldu du.

Egitasmo hau martxan jartzeko adostasun politikoa lortu da: Udalbatzak onartu ostean irudi berria sortzearen prozesua, herritarrek hartuko dute hitza, eta ondoren berriz ere Udalbatzak berretsi beharko du erabakia. "Ez da alderdi bati lotutako irudia izango. Tramite ofizialetarako armarria mantenduko da, baina Udal eraikin berrian, dokumentazio eta arropetan, esaterako, irudi berria joango da. Nik dagoeneko badakit zein bozkatuko nukeen".