Inazio Imaz idiazabaldarrari 60 urte baino gehiago daramatza txirrindularien argazkiak biltzen, hori du bere afizio kuttuna. Ia 70.000 baino gehiago ditu, guztira. Egun gustuz erakusten baditu ere argazkiak, beti ez da hala izan. Urte batzuetan ezkutuan mantendu zuen afizioa, "lotsagatik".

"Ia zortzi urtez ez nion inori kontatu argazkiak gordetzen nituenik. Ez dakit zergatik, egia esan, baina lotsa ematen zidan momentu horretan. Familiakoek bazekiten adibidez, baina ez pentsa askoz jende gehiagok horren berri zuenik", aitortu du.

Betidanik gustatu izan zaio txirrindularitza Imazi. "Gaztetan, anaiarekin joan nintzen behin Beasaina lasterketa bat ikustera, eta handik hartu nuen afizioa. Gehien gustatu zitzaidana bertan zegoen giroa izan zen, txirrindularien jarrera€ orduan askoz ere garbiago jokatzen zutela iruditzen zait. Eta nahiz eta urteak pasa diren, eutsi egiten diot afizioari. Txirrindularitzako lasterketak ez ditut galtzen".

Egun ez da zaila munduko beste puntako edozein pertsonarekin kontaktuan jartzea, baina 1960. urtean ez zen berdina. "Batez ere helbideak lortzea izaten zen zailena. Idatzi egiten nien argazkiak eskatuz, gutun bidez. Ba-tzuk talde osoko partaideenak bidaltzen zizkidaten, beste batzuk bat ere ez€ baina egia esan normalean erantzuten zien nire eskariari", agertu du.

Taldeen jatorria identifikatu eta bertara idazten zuen. Harrotasunez erakusten du urte askoan gordeta izan duen altxorra: "Italiara idatzi nuen, adibidez, eta Fausto Coppi eta Bartaliren poster handi bat bidali zidaten, sinatuta. Munduko onenak ziren momentu horretan, denon gustoko-enak ziren. Ez nuen espero, egia esan". Poster horixe erakutsi zien lagunei, eta denak "harrituta" gelditu zirela oroitzen du: "Horrek zeresana eman zuen herrian".

Ezin da kalkulatu zenbat ordu behar izan dituen bilduma osatzen. Urteka eta taldeka ditu antolatuta guztiak, eta bakoitzak bere lekua du. "Lan handia dago. Begiratu behar da zeintzuk diren, lekua aurkitu€ Hainbat taldetan ibiltzen diren txirridularien kasuan, esaterako, gorde egiten dira. Madrilen bildumagile batek erakutsi zidan hori; talde edo garai desberdinetakoa bazen, argazkia gorde egin behar zela. Harekin trukea ere egin izan dut; behar zituenak bidaltzen nizkion nik eta alderantziz, hala, bilduma osa-tzeko aukera izaten genuen", gehitu du. Hala ere, urteren batean ez du bilduma osatu: "Frankoren garaian kartzelan egon nintzen, hiru hilabetez, eta orduan, adibidez, ez nituen bildu".

Bildumagatik "dirutza" eskaini izan diotela dio, baina berak ez zuela orduan saldu nahi izan. Egun, baina, seme-alabek ziurrenik jarraipena emango ez diotela ikustean, bilduma saltzea aukeretako bat izan daitekeela uste du. 60 urteko lana, argazkitan.