- Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ordiziako Udalarekin batera eta Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzeko helburuarekin eta bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako tailerra eskainiko du bihar, urriak 22, 18.00-etan, Udaletxeko batzar aretoan.

Etxebizitzak birgaitzeak abantailak ekarriko dituela azaldu dute. Hala, aurrezpen ekonomikoa handituko da, energiaren kontsumoa gutxituko baita: isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere. Gainera, bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dutela ere gaineratzen dute antolatzaileek, izan ere, hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta ondorioz, patologiak ekiditeko aukera izango da.

Izena argitu@gipuzkoa.eus edo 653 013 702 telefonoan eman beharko da; doakoa da baina izen ematea beharrezkoa. Gehienez 10 lagunek parte hartu ahalko dute tailerrean, bi metroko distantzia mantenduz eta musukoarekin.