- Eguraldi txarra medio, bertan behera gelditu behar izan dira bi ekintzak Aftersun jaia eta Astronomia Gaua. Hasteko, musikak izango zuen tartea. Aftersun jaialdi ezagunean lau musika taldek hartu behar zuten parte: Iker Lauroba & beste urtaroak, Esanezin, Xabier Crehuet eta Rafa Ruedak. Horrez gain, Monky Man DJak ere saioa eskaini behar zuen ingurua eta animoa girotzeko asmoarekin. Ostegun arratsaldean jakinarazi zutenez, bertan behera utzi behar izan dute ekitaldia. Urko Ruiz de Apodaka, Ordiziarrockeko kideak azaldu zuenez, "amorrazio" handia sentitu dute koronabirusa ez bada eguraldiagatik ekintza ezin aurrera eramateak. Kontzertuetan erabiliko zen argindar guztia energia fotovoltaiko bidez sortua izango zen, natura, musika eta energia berriztagarriak batuz.

Gainera, kasu honetan, bertan behera geldituko da eta hurrengo ediziora arte itxaron beharko da.

Eguneko beste ekintza interesgarria Astronomia Gaua zen. Aranzadirekin batera antolatuta, haurrei zuzendutako hitzadia izan behar zen arratsaldean, unibertsoaren sorreraren inguruan hitz eginez. 21.00etatik 23.00etara, bestalde, behaketa astronomikoa zen egitekoa. Bertan, Oianguko parkeak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz, distantziak mantentzeko duen erraztasunarekin, zerura begiratu eta izarrak eta planetak ikustea zen helburu. Izatez euriarekin ere egin daitekeen ekintza bada ere, erabaki da data berri bat jartzea, eta azaroaren 21ean egingo da azkenean, egitarau osoa mantenduz eta astronomia gizarteari gerturatuz.