- Beasaingo Udalak kultur ekimenak indartzen jarraitzeko asmoa du, beharrezko neurriak hartuz, baina kulturak merezi duen lekua emanez. Hala, Igartza Musika Programaren barruan, Maider Zabalegi musikariaren kontzertua antolatu du datorren ostirala irailaren 25ean, 22.00etan, Igartzako jauregian.

"Kultura eta musikaren aldeko apustu sendoa eginez beasaindarrak musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz" antolatu dutela azaldu du Udalak, "alor, estilo eta joera anitzeko musika ardatz duten emanaldiak biltzeko helburuz". Horren harira, orain lau urte Udal Gobernuak Igartza Musika Programa sortu zuen eta ordutik asko eta asko izan dira eraikinaren barnekaldera gerturatu direnak, bai kontzertuak eskaintzera eta baita emanaldi zoragarriez gozatzera ere.

Igartza jauregiko aforoa mugatua da, eta aurreko emankizunetan egin moduan, 36 sarrera-gonbidapen jarriko dira eskuragarri eta erreserba egin beharko da horiek aurrez lortu ahal izateko.

Izen-ematearen ordena izango da gonbidapena lortzeko irizpidea. Horretarako, sarrerak eskuratzeko esteka jarri dute, eta honakoa da helbidea: https://forms.gle/y6881kFSKyFb3oAR9. Bertan dagoen galdetegia bete egin beharko da, eta hala, izena ematen duten lehen 36 personek izango dute gonbidapena. Nahikoa pertsona apuntatzen badira, baina, galdetegia itxita geldituko da eta ezingo da izen ematea gauzatu.

Emanaldira sartzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da oiartzuarraren kontzertuaz gozatzeko. Ibilbide luzea du Zabalegik, eta ezaguna da Alaitz eta Maider taldeko kide izateagatik.