- Altamira atletismo pistak lehenengo aldiz hartuko ditu atletak, berritua izan ostean. Bihar, parte hartze libreko hainbat proba jokatuko dira goizean zehar, eta horiek izango dira estreinekoz pista urdina modu ofizial batean zapalduko dutenak. "Gipuzkoan, material sintetikoarekin egindako eta kolore urdineko bakarra da Ordiziako atletismo pista", azaldu du Angel Perez 'Pululu', Federazioko eta Txindokiko ordezkariak.

Gipuzkoako Atletismo Federazioak Txindoki Atletismo taldearekin batera antolatutako saioa da biharkoa, eta probak goizeko 10.30etan hasi eta 13.30ak arte luzatuko direla aurreikusten da. Tartean, aurreskua ere egingo dute, 11.15ak aldera, inaugurazio ofizialaren itxura emanez. Bertan izango dira Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria, Jon Ander Caballero, kirol zinegotzia, Odilo Rivela, Majori Kiroldegiko gerentea, eta Ramon Goikoetxea, Federazioko zuzendaria.

Aukera zabala izango da kirol ezberdinetaz gozatu ahal izateko. Luzera, altuera, pisua, pertiga, sprintak, lasterketa luzeagoak... denetik izango du. Guztira, 280 pertsonak izena eman dute, eta horiek izango dira lehiatuko direnak.

Ezohikoa izango da ekitaldia, ordea. Hasteko, orain arte halako ekimenak bertan behera gelditu direlako, eta bestetik, aforo mugatua izango duelako; erdia hain zuzen ere. Hala ere, guztia beteta dago.

"Guretzako ohore bat da Federazioak Ordiziako Altamira pista aukeratu izana proba hauek egiteko; normalean Donostian egiten dira. Gainera, Txindoki Atletismo taldea ere buru-belarri ibili da ekintza guztia antolatzen, eta oso eskertuta gaude", gehitu du Caballerok.