Iparragirre 2020 programa abuztuan abiatuko da berriro

Irailean 'Iparragirre, bihotzeko Jose Mari' lana antzeztuko dute eta urrian 'Iparragirre' ikuskizuna estreinatuko da

01.08.2020 | 00:07
Joxe Mari Iparragirreren estatua. Argazkia: A.Z.

urretxu – Martxoaren 14an, alarma egoera ezarri zenean, hasi berria zen Iparragirre 2020 programazioa eten egin zen. Urretxuko Udalak ekitaldirik gabeko aste hauek programa aztertzeko baliatu du: zein ekitaldi mantendu daitezkeen, zeintzuk aldatu behar diren€ Hala, programa berriro abian jartzeko eguna heldu da. Horretarako, udalak Iparragirreren jaiotze eguna aukeratu du: abuztuaren 12a.

Egun horretan, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak urteurrenerako propio idatzitako Urretxutik mundura obra aurkeztuko du eta herriari emango dio. Ekitaldi berean, herriko seme ospetsuenaren estatuari aurreskua eskainiko diote eta lore eskaintza egingo dute. Hilerriko mausoleoan ere omenaldi txikia egingo zaio.

Egun batzuk lehenago, abuztuaren 8an, Musika Hamabostaldiak ere Iparragirre omenduko du: 20.00etan, San Martin de Tours elizan, German Ormazabal piano-jo-tzaileak, Andoni Egaña bertsolariak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak kontzertua egingo dute. Sarrerak agortu egin dira dagoeneko.

Irailaren 11an, berriz, Loraldiaren Iparragirre, bihotzeko Jose Mari obra antzeztuko dute Labeaga aretoan. Antzerki saio hau martxoaren 10ean egin behar zen, baina koronabirusa dela eta, bertan behera gelditu zen.

Urriaren 4an eta 25ean, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Urretxuko alde zaharreko igande gastro- kulturalak egingo dira Goiko kale eta Iparragirre kaleetan. XIX.mendera itzultzeko aukera egongo da, gastronomiaren eta musikaren eskutik.

Urriaren 25ean beste bi ekitaldi egongo dira: Iparragirreren Ibilbidea bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da eta Aldundiak eta Morgan ekoiztetxeak Iparragirre ikuskizuna estreinatuko dute.