- Urretxuko Jai batzordeak irailean egitekoak ziren Santa Anastasia festak ez antolatzea erabaki du, koronabirusa dela eta.

Batzordeko kideak bi aldiz elkartu ziren erabaki bat hartzeko. “Santa Anastasia jaiei begira hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko, Jai batzordeak bi bilera antolatu zituen jaietako eragileekin: bata ekainaren 17an egin zen eta bestea uztailaren 15ean. Batean zein bestean herriko elkarte eta norbanakoak, karrozeroak eta Udal ordezkariak izan ziren”, aipatu dute.

Azkenean, Santa Anastasia jaiak bertan behera uztea erabaki zuten. “Egoeraren larritasunaren jakitun, txalotzekoa den jarrera arduratsu bezain eskuzabala adieraziz, aho batez erabaki genuen 2020 urtean ez genuela Santa Anastasia jairik ospatuko, ez betiko jaiak ezta gaur egun esan eta izaten diren ezjaiak ere. Denon iritziz, guztiz ezinezkoa litzateke arrisku egoerak ekiditea eta garbi dago koronabirusa ez dela broma, pertsona askoren bizitza lapurtu digula eta oraindik beste gaixo askok borrokan jarraitzen dutela”.

Urretxuko Jai batzordeko kideek “tristura” sentitzen dute, baina bestaldetik “oso harro” sentitzen dira jaietako eragileek azaldu duten heldutasun, elkartasun eta eskuzabaltasunagatik. “Askotan aipatzen dugu urretxuar izaera berezia dela, gainbalioa dela, eta benetan oraingoan ere agerian gelditu da. 2021. urtea iritsiko da eta, ondo bidean, izango dugu aukera, orduan bai, Urretxuko Santa Anastasia jaiak merezi duten moduan ospatzeko. Gora Urretxu eta urretxuarrak”.