- Dudarik gabe, urte berezia izango da aurtengoa eta herriko jaietan oinaze nabarmena utzi du. Asko izan dira, Ordiziako kasuaren antzera, festak bertan behera utzi dituztenak, egoerak hala behartuta, noski.

Ordiziako kuadrillak, urtero, Udaletxe parera joan izan dira atzoko egunez eguerdiko 12.00etan Santa Ana herriko jaiei hasiera emateko asmoarekin. Momentu horretan bertan jaurtitzen da txupinazoa, eta irakurtzen da pregoia. Hala hasi ohi ziren, aurten arte, Ordiziako jaiak.

Atzo, eguerdiko 12.00etarako Ordiziako Plaza Nagusian haurrak zebiltzan denbora pasan, futbolean batzuk eta beste batzuk bestelako jolasetan. Momentu horretan bertan Elizako kanpaiak jo zuten, 12.00ak zirela iragarriz, eta Udaletxeko balkoian lona beltza ezarri zuten. Argi gelditu zen aurtengoak ez zirela ohiko festak izango eta ospatzeko ezer gutxi zegoela.

Aurreko egunean, agerraldian azaldu moduan, kolore beltzak jantziko du Udaletxea astelehenera bitartean, orain arte mila kolorez apaintzen zen gunea. Ordiziako San Jose Egoitza gogor kolpatu zuen koronabirusak martxoan eta apirilean, eta ekainean agertutako fokoak alarma guztiak piztu zituen. Atzokoan, baina, hunkigarria izan zen ospatuko ez diren festen hasiera. Pello Ramirez musikari ordiziarrak sortu eta egoitzako kideei eskainitako Agur biluzia kanta hasi bezain laster ixildu ziren zurrumurru guztiak, ordiziarrak aurpegi triste eta serioaz bizi zituzten une horiek. Izan ere, plaza herritarrez bete zen, distantziak mantenduz eta maskarak soinean eramanez, omenaldira. Ez zuten galdu nahi izan halako keinua, orain hilabete batzuk birusaren ondorioz bizitza galdu zutenei egina. Ez-ohiko irudia, eta zuhurtziarako deia, izan ere, arduraz jokatzeko momentua da, orain inoiz baino gehiago.