- Kulturaz gozatzeko aukera izango dute segurarrek uztailan zehar, antolatu den egitaruari esker. Atzo bertan eman zioten hasiera, iluntzean, eguraldi onak lagunduta, Iker Franciscoren musika emanaldiarekin. Saio guztiak Laiotz Herri Eskolako patio irekian eta estalian izango dira, euria egingo balu babesteko aukera emanez emanaldia bertan behera utzi gabe.

Bihar, berriz, umoreak izango du protagonismoa, izan ere, Bakean dagoena bakean utzi! antzezlana eskainiko da 19.00etan, Idoia Martiarena eta Idoia Torregarai aktoreekin.

Uztailaren 21an jarraituko du eskaintzak, Patricia Viscarreten eskutik. Hain zuzen, mendiko bi dokumental eta tertulia izango ditu hizpide. Lehena 19.30ean izango da, Ama de mayor quiero ser alpinista eta jarraian Ama Dablam, alma de mujer emango dira; lehenengoan emakumea, ama eta alpinista izatea bateragarriak direla erakutsiko du, eta bigarrengoan Hilamayako espedizioa emakume arimarekin. 22.00etan, berriz, Agur Etxebeste filma jarriko dute.

Segurako haur eta gazteek ere izango dituzte haientzako zuzendutako saioak. Hilaren 23an izango da hori. 18.00etan, bi eta zortzi bitarteko gazteei zuzenduta Miru saioa egongo da, eta 19.30ean Eriz Magoaren Auskalo ikuskizuna

Uztailaren 24a, bestalde, musikak jantziko du. Raitx eta Diavolo Kiwi 21.00etan arituko dira, Ganbaran Norbait Dabil elkartearekin elkarlanaren emaitza. Hilaren 28an, berriz, zinemaz aire librean gozatuko dute bertaratzen diren herritarrek: 19.30etik 21.00era Oker filma aurkeztuko da Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzakoentzat, eta 21.30etik 23.00etara Black is Beltza, helduagoentzat. Kulturaz betetako hilabeteko azken ekintza 30ean izango da eta Andoni Ollokiegik eskainiko du saioa, 21.30ean.