- Lazkaoko Udalak kezka azaldu dio bai Segurtasun eta baita Osasun Sailari ere hilabete honi begira antolatuta dituen kultur agendak antolatu ditzakeen edo ez jakiteko, nahiz eta Ordizian kokatzen den COVID-19aren fokoa. Zehaztuta dagoenez birusaren fokoa gaueko aisialdia dagoen lekuetan kokatzen dela, lasaitasun eta segurtasunez ekintzekin aurrera jarraitzeko aukera izango dute bai Beasainen eta baita ere Lazkaon.

Gauzak horrela, kultur eskaintzari eutsiko dio Udalak. "Higiene, segurtasun eta urruntze sozialerako neurriak derrigorrezkoak izaten jarraituko dute", nabarmendu dute udako lehen ekitaldiak iragartzerako orduan. Musika, haurrentzako ikuskizunak eta zinema protagonista dira; guztira 14 ekintza aurreikusten dira.

Gaur bertan, osteguna, Kiki, Koko eta Moko pailazoak ikuskizuna eskainiko dute 17.30ean eta 19.30ean Skate parkean. Bihar, berriz, Matilda talde beasaindarrak kontzertua eskainiko du leku berean, 19.30ean.

Musikak ere izango du bere espazioa. Datorren ostegunari dagokionez, hilak 16, Los Botxeros taldeak kontzertua emango du Lazkao Txiki plazan, hilaren 18an BigBadMan talde lazkaotarra arituko da, Kantaka abesbatza 21ean, Tolin el Mariatxi 30ean eta hilabetea amaitzeko Mediana taldea 31an. Emanaldi guztiak 19.00etan hasiko dira. Bestalde, udako zinea uztailaren 20an egingo da, 19.00etan eta 21.00etan, Lazkao Txiki plazan, eta Gazte Asanbladak dokumentalak eskainiko ditu 14ean, 21 eta 28an, pilotalekuan, iluntzeko 22.00etan.