- Batez beste 250 bidaiari ditu egunean Illunbeko aparkalekutik Erdialdera doan doako autobusak, baina pasa den larunbatean (hilak 8) guztira 444 izan ziren, orain arteko kopururik altuena. Orokorrean abuztuko lehen asteko datuak uztailekoak baino hobeak dira. Guztira ia 7.700 pertsonek erabili dute zerbitzua uztailaren 11tik.

Emaitzak “oso positiboak” dira Cristina Lagé Turismo zinegotziaren ustez: “Bisitatzen gaituztenen-tzat doako disuasio-aparkaleku bat eskaintzeaz gain, kotxe asko zentrora sar ez daitezen bilatzen dugu, kolapsoak gerta ez daitezen”.

Datuei erreparatuta, nabarmendu du igandeak ez direla bereziki jendetsuak, baina bai larunbatak eta astelehenak eta horrek erosketak egitera hurbiltzen den jendearekin erlazioa izango luke.

Sshops Donostia merkatari elkarteak eta Turismoko eta Mugikortasuneko udal sailek bultzatuta sortu zuten zerbitzua, berez, igandean (hilak 16) amaitzekoa zen. “Baina bere garaian Mugikortasuneko arduradunekin adostu genuen autobusak funtzionatzen bazuen zerbitzua zabaldu egin zitekeela eta litekeena da abuztua amaitu arte luzatzea; hori, zalan-tzarik gabe, albiste ona da”, gaineratu zuen atzo Cristina Lagék.

Autobusa Illunbeko plazaren atzealdetik ateratzen da eta Errondora hurbiltzen da, Menchu Gal lorategien ondoan dagoen geltokira. 11.00etatik 22.30era 20 minuturo abiatzen da.

Beste urte batzuetan ere saiatu da Udala disuasio-aparkalekuen erabilera bultzatzen baina emaitzak ez dira bereziki arrakastatsuak izan. Aurten, momentuz, Turismo zinegotzia eta merkatariak gustura omen daude.