- Ohitura izaten da kurtso amaierari bukaera emateko ekitaldiren bat egitea, eta Tobera Musika Eskolako kideek asmatu dute nola egin, gainera. Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo musika eskola eta dantza eskolak online agurtuko du aurtengo ikasturtea.

Hala, datorren astelehean, hilak 22, hasi eta ekainaren 30a bitartean, musika eskolaren sare sozialetan, Youtubeko kanalean eta Goierri Telebistan, besteak beste, ikasleek jotako 27 abesti argitaratuko dira. Hala, nahi duenak bertan izango ditu ikusgai eta edozein momentutan gozatu ahalko du ikasleen musika emanaldiez. Toberako ordezkariek nabarmendu dute "erronka handia" izan dela kontzertu hauek antolatzea, baina emaitza gustukoa izango dela aurreikusten dute.

Irailean ekingo dio ikasturte berriari Toberak, "aurrez aurre ahal bezainbeste, baina telematikoki aritu behar izateko ere prestatuko du bere burua", gehitu dute. Bukatzear den ikasturtearen bide beretik joango dira datorren urteko ikasturteko izen emate kopuruak, izan ere, 260 matrikula inguru egin dituzte ikasleek, Aizkorpe bailarako herritarrek herrigintzarekiko eta musikarekiko duten konpromiso tinkoaren adierazgarri.