- Kalera atera dira berriz ere Goierriko pentsiodunak, haien eskubideen alde. Ordiziako Plaza Nagusia txiki gelditu zen astelehenarekin batera. Partaideen artean distan-tziak mantenduz plaza osoa eta ingurua bete zuten.

Minutu bateko isilunearekin hasi zuten elkarretaratzea, egoera honen ondorioz hil diren pertsona guztiak oroituz eta senitartekoi elkartasuna adieraziz.

Zorrotz mintzatu dira beste behin Goierriko Pentsiodunak. "Gizarteak pentsaezina zen erronka bati aurre egin behar izan dio, eguneroko bizimodua errotik aldatu duena", azaldu zuten bozgorailuetatik. Nahiz eta pandemiak gauza asko aldatu, beste batzuk bere horretan gelditu direla ere nabarmendu zuten: "Onerako aldatuko ez den arazoetako bat, besteak beste, milaka pentsiodunen pobrezia egoera da, gehienetan emakumeena, eta sortu diguten krisi sozioekonomikoari aurre egiteko orduan, kaltetuetako batzuk izaten jarraituko dugu".

Gipuzkoako datuei erreparatu zieten, agertuz ia 4.000 pentsiodun daudela 800 eurotik beherako pentsioekin. Horregatik, eta arazoari gizarte kohesionatu batek eran-tzuna eman behar diola pentsatzen dutenez, "pentsiodunen aldarrikapenei ere erantzun bat eman behar diete gobernu ezberdinek". Haien egoera ez ezik, adinekoen egoitzetan zegoen "arazoa" ere aipatu zuten: "Adinekoen egoi-tzetan zegoen egoera larria egiaztatu da. Koronabirusak kutsatuta 167 pertsona hil dira, eta beste asko koronabirusaren itzalaren susmopean hil dira eta hildakoen %56 adinekoen egoitzetan hil dira, bakarrik, inorren agurra jasotzeko aukerarik gabe".

Astelehenekoa lehen elkarretara-tzea izan da, baina jarraituko dute; hilabeteko lehen eta hirugarren astelehenetan Ordizian, Lazkaon bigarrenean eta Beasainen laugarrenean.