- Geroz eta ohikoagoa da herritarrak maskarak jantzita ikustea establezimenduetan, baina baita kalean ere. Beasainen kasuan, Udalak bihar, larunbata, herritarrei doan banatuko dizkie erabilera anitzeko maskarak. Jakinarazi dutenez, "300 garbialdi" irauten dutenak dira beasaindarrei emango zaizkienak. Hala, ez dute ibili beharko egunero maskara berriak erabiltzen, ezta erosten ere; horrek ere eragina baitu.

Udalaren egitasmo honekin bat egin eta maskara lortu nahi dutenek Udalaren webgunean jarri den galdetegia bete beharko du izena emateko. Banaketa goizeko 10.00-etatik 12.00etara egingo da eta bost gune desberdin egokituko dira horretarako, eta herritar bakoitzak gertuen geratzen zaion gunera joan beharko du. Ezkiaga auzoko herritarrei Ezkierdi frontoian banatuko zaie. Udalerriaren erdigunean bizi direnentzat bi puntu jarriko dira: udaletxeko sarrera nagusiko arkupetan izango da bat eta Erauskin plazan bestea. Bestalde, J.M. Iturriotz kaletik Barrendain plazarainoko biztanleek eta Beasainmendiko auzotarrek aipaturiko bi puntu horietan jaso beharko dituzte haien maskarak. Aldiz, Barrendain plazatik Igartza Oleta kalerainoko herritarrek J.M. Barandiaran parkean jarriko diren mahaietatik pasa beharko dute. Eta, azkenik, Loinazpe ikastetxean Igartza Oletatik Antzizar auzorarte bizi direnentzako egingo da banaketa. Arriaran, Garin, Astigarreta eta Matxinbenta auzoko herritarrek Loinazpe ikastetxean jasoko dituzte maskarak.

Guneka banatuta jende pilaketak sortzea ekidin nahi da, eta horregatik etxebizitza bakoitzetik pertsona batek maskara guztiak jasotzea gomendatzen dute. Horrez gain, eta orain arte egin moduan, Beasaingo Udalak "arduraz" jokatzeko eskatu du eta distantzia soziala errespetatzeko eskatu.