- Urretxuko Udalak 2.500 euroko beka bat ematen du bi urtean behin, Xabier Ormazabal zena oroitzeko eta mendi zaletasuna suspertzeko. Maila handiko proiektu orijinalak saritzen ditu. Aurten lau egitasmo aurkeztu dira eta epaimahaia Oscar Gogorza, Unai Mendia eta Mikel Zabalzak osatu dute. Beka Ander Zabalza eskalatzaile nafarrak irabazi du. Zabalzak Artikotik gertu dauden parajeetan bide berriak irekiko ditu. Hasteko, Loffoten irletara joango da. Ondoren, Foula irlako Nebbifeld itsaslabarrean bide berri bat irekitzen saiatuko da. Nebbifeld Erresuma Batuko bigarren itsaslabar handiena da.

Zabalzak 25 urte ditu. Eguesibarreko Ardanatz kontzejukoa da. Oraindik oso gaztea den arren, dagoeneko hainbat bide ireki ditu Anso, L'Estartit, Kantabria mendizerra eta Riperan. Horietako bat, 7c+ zailtasunekoa. Bekaren lagun-tzarekin aurrera atera nahi duen egitasmoa ez da batere erraza. Oso jende gutxik eskalatu du bertan eta, gainera, modu tradizionalean eskalatuko du. Aurtengo udan joateko asmoa zuen, baina bidaia atzeratu du, koronabirusa dela eta. 2021eko udan joango da.

Zabalza bide berriak irekitzen zalea da, Xabier Ormazabal zena bezala. Urte gutxi batzutan, Ormazabalek Sobietar Batasun ohiko mendi altuenak igo zituen eta Elurretako Gepardoa titulua lortu zuen. Ondoren, Shisha Pangma eta Cho Oyu mendiak igo zituen. Azken honetan hil zen, 2004ko urrian, 23 urte bakarrik zituela.

Ormazabal Felipe Uriarteren ikastaro batean zaletu zen, 14 bat urterekin. Ondoren, makina bat bidaia egin zituen Pirinioetara eta Alpeetara bere anaia Andonirekin. Jon Maroto urretxuarrarekin eta Iñaki Alvarez zumarragarrarekin ere askotan joan zen mendira. Azpeitiko Takolo bekaren lagun-tzarekin Elurretako Gepardoa egitasmoa burutu zuen. 2004ko urriaren 13an Cho Oyu mendiaren gailurra zapaldu zuen, baina jaitsieran hil egin zen.

Alex Txikonen laguntzarekin, bere familiak gorpua Euskal Herrira ekartzea lortu zuen eta ordutik hainbat ekimen antolatu dituzte bere oroitzapena bizirik manten-tzeko. Dokumental bat eta liburu bat egin zituzte eta bi urtean behin beka bat ematen dute, Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Mendi Festa ere antolatzen dute. Aurten ezin izango da egin, koronabirusa dela eta.

Xabier Ormazabal

alpinista urretxuarra Himalaiako Cho Oyu mendian hil zen 2004ko urrian, 23 urterekin