- Etenaldi hau gauza asko egiteko baliagarria da. Asko dira errezeta berriak probatzen hasi direnak, kirolari heldu diotenak, edo bestelako eskulanekin abiatu direnak. Ordiziako Lazkao Txiki Bertso paper lehiaketako antolatzaileen ustez garai ona da oraingoa imajinazioari ekin eta idazten hasteko.

Hala, aurtengo 29. edizioak ireki ditu bere ateak eta koronabirusak ez du bertan behera utziko. Ekitaldi guztiak bertan behera gelditzen ari den garai honetan aukera ederra izan daiteke lehiaketara aurkezteko.

Aurtengoan ere dinamikak iazko lerro bera jarraituko du eta hiru mailatan banatuko da. Gaztetxoen maila 13 urte artekoentzat izango da eta parte-hartzaile bakoitzak nahi beste bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez bi eta gehienez lau izango dira. Gazteen maila 14 eta 18 urte artekoentzat da, eta helduen mailan, 2001ean edo hori baino lehen jaiotakoak sartuko dira. Kasu honetan ere, parte hartzaileek ere nahi adina bidali ditzakete, baina bertsopaper bakoitzeko, gutxienez zortzi eta gehienez hamabi bertso idatzi beharko dituzte.

Gaztetxoen mailan, neurria eta doinua libreak izango dira. Gaia, etxetik ezin atera izango da, konfinamendua gaurkotasun bihurtu dela aprobetxatuz. Aurten 13 urte betetzen dituztenek eta hori baino gazteagoek gizarte osoa hitz egiten ari den birusaren ondorioez aritu beharko dira. Gazteen eta helduen mailetan, berriz, gaia, neurria eta doinua libreak dira.

Kategoria bakoitzean lehen postuetan gelditzen diren sortzaileek sari ekonomikoa jasoko dute; helduetan irabazleak 500, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 100 euro. Gazteetan 300, 200 eta 100 hurrenez hurren, eta gaztetxoetan 200, 100 eta 50 euro.

Bertsoak jatorrizkoak izan beharko dute, eta ohiko postaz originala eta lau kopia bidaliko dira. Lanak izenordez sinatuko dira bakarrik; beste gutunazal batean, izenordearekin batera bidali beharko dira beste xehetasun guztiak: egilearen izenordea eta izena, adina, helbidea, telefono zenbakia eta karnetaren kopia. Bertso bakoitzari bere ordena zenbakia jarri beharko zaio eta bertsoetan izaten den moduan, ezinbestekoa da sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea. E-postaz bidaliz gero, mezu berean alde batetik bertsoak, eta bestetik, egilearen datuak bidaliko dira.

Lanak Argi-Berri Elkartea (Lazkao Txiki Bertso paper lehiaketa), Gipuzkoa Kalea 15 behea, 20240, Ordiziara bidaliko dira, eta Internet bidez aitor-c@aek.eus e-postara. Lanak entregatzeko azken eguna uztailaren 1a izango da.