- EH Bildu eta Ordizia Orainen akordioari esker, gaur bertan onartuko dira aurrekontuak, arratsaldean egingo duten ezohiko Udalbatzan.

Presentzialki ezingo denez egin, Zoom plataformaren bidez konektatu ahalko dira zinegotzi guztiak eta bertan burutuko da saioa. Osoko bilkura ospatu baino lehen, bilera telematikora sartzeko ID zenbakia eta gakoa bidaliko dira, eta baita zuzenean sartzeko sarbide azkarra ere.

Lehenengo puntua 2020 urteko aurrekontuen onarpena da. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, birritan nabarmendu du herriak aurrekontuen beharra duela proiektuak garatzeko eta momentu berezi honetan sortzen diren egoerei irtenbidea emateko. Horrez gain, 2020 ekitaldiko Plantilla Organikoaren hasierako onarpena eta lanpostuen zerrendaren hasierako onarpena ere bozkatu beharko dituzte alderdi bakoitzeko ordezkariek.

Aurrekontu proiektua datozen lau urteetarako estrategiaren barnean kokatzen da eta 2019-2023 legegintzaldi planaren abiapuntua izango da. Plan honek erabateko garrantzia du, urte batetik bestera jarraituko diren lan ildoak ezartzen direlako bertan.

Bi alderdien babesarekin onartuko da aurrekontua, baina beste alderdietako ordezkariek ere izan dute aukera haien ekarpenak egiteko. Horrez gain, Udal Gobernuak orain hilabete batzuk abiatu zuen auzoz auzoko bileretatik ere jaso dituzte ekarpenak, ordiziarren beharrei erantzuna eman eta udalerriak garatzen jarrai ditzan datozen urteetan.