- Urretxu eta Zumarragako atariaren (otamotz.eus) diseinua eta atalak berritu eta berregituratu ditu Goierriko Hedabideak enpresak, itxura sinple eta erabilgarriagoa emanez. Argazkiek indar handia hartu dute. Horrekin batera, Otamotz aldizkariaren artxibo guztia digitalizatu egin da. Ale guztiak PDF formatora pasa dira eta webgunean irakurri ahal dira. Beste atal berri bat komunitatearena da. Herriko elkarte, erakunde, eragile nahiz norbanako guztiek beraien perfila sortu eta parte hartzeko aukera dute.

Berrikuntza hau Goierriko Hedabideak egiten ari den berrikuntza prozesuaren barruan kokatzen da. Duela hilabete batzuk Goierriko Hitzaren webgunea berritu zen, orain Otamotzena eta datozen hilabeteetan GoiBerri aldizkariarena berrituko da. Berrikuntza honen helburuetako bat Goierriko Hedabideak enpresaren webgune guztiek plataforma bera erabiltzea da, denek antzeko itxura izan dezaten eta beraien arteko interakzioa hobea izan dadin.

Otamotz.eus ataria 2007an sortu zen eta pixkanaka, geroz eta irakurle gehiago lortu ditu. Martxoan inoizko daturik onenak izan ditu. Izan ere, komunikabideak berebiziko garrantzia har-tzen ari dira itxialdi garai honetan. Ez bakarrik medio handiak, baita herri komunikabideak ere. Horren adibide da Otamotz webguneak azken asteetan izandako bisita kopuru handia. Urretxu eta Zumarragako atariak inoizko daturik onenak lortu ditu martxoan: 48.000 bisita jaso ditu, iaz garai berean zuenaren bikoitza baino gehiago.

Urretxu eta Zumarragako atariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, bi udalen eta Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen babesa du.