- Urtero jendearen topaleku izaten da Idiazabalen ospa-tzen den Euskal Gaztaren Eguna. Maiatzean ospatzen da beti, eta normalean eguraldiak ere lagundu egiten du. Aurten, ordea, COVID-19 birusak eragin dituen aldaketen barnean dago hau ere, eta oraingoz ez dakite aurte egin ahalko den.

Laugarren edizioa izango zena ez da beraz egun horietan ospatuko. "Guretzat lehentasuna herritar ororen, gaztagileen zein kanpotik etorri ohi diren bisitarien, segurtasuna bermatzea eta birusaren hedapena mugatzea da, aglomerazioak ekidinez", agertu dute Idiazabalgo Udaletik.

Gauzak horrela, egoeraren bilakaera aztertuko dute Udaletik, eta aurreratu dutenez, gaztaren inguruan antolatzen den festa honen antolaketan parte hartzen duten gainerako herritar zein erakundeekin harremanetan daude uneoro, erabakiak hartzeko prest. "Hori dela eta, oraindik ezin da baloratu 2020 urtean zehar beste data batetara mugitzeko aukera izango den Euskal Gaztaren Azoka", azaldu dute.

Gazta Eguna izena izan du ekintza honek ia hogei urtean. Maiatzeko lehen igandean egin ohi zen beti, eta egun bakarrean biltzen ziren ekintzak. 2017an, ordea, jaialdiari beste dimentsio bat emateko asmoarekin bi eguneko egutegia antolatzen hasi ziren, azoka asteburu osora luzatuz . Euskal Herriko Artzainek egindako gazta sustatzea izaten da helburu nagusia, gazta horien atzean dagoen guztia babestuz eta balioan jarriz. Idiazabalgo Gazta Azoka denboraldi berriko lehen azoka garrantzitsuenetakoa izaten da, non artzainak negua agurtu eta ardiak mendira igotzeko unea iristear dagoen. Gaztagile eta gazta maite dutenen topalekua, data berri bila dago orain.