- Koronabirusa telebistaren jabe egin da, baina gaur gauean ETB1 aukeratzen duten urretxuarrak ez dira erabakiaz damutuko. Izan ere, Itxi liburuak programako protagonistetako bat Joxe Mari Iparragirre izango da. Itxi liburuak saioaren helburua historia modu dibertigarrian ikastea da. Euskal Herriko historiako mugarri nagusi, esanguratsu edo adierazgarriak azaltzen ditu ostegun gauero (22.30ean) ETB1en. Gai bakoitzaren inguruan pertsona ezagun bat informatzen eta formatzen dute. Ondoren, pertsona horrek historia klase bat ematen du unibertsitatean. Gaurko saioko irakaslea Ramon Agirre aktore donostiarra izango da. Gaurko gaia karlistadak dira eta Agirrek hiru karlista ospetsuren pasadizoak ezagutuko ditu: Iparragirre, Tomas Zumalakarregi eta Santa Kruz apaiza. Iparragirreri buruz Maialen Fidalgo zinegotziarekin hitz egingo du.