zegama - Zegaman Erlezain Eguna ospatuko dute igande honetan, martxoak 15. Urteroko zita izaten dute erlezaintzan adituak diren pertsonek, eta eztia gustatzen zaienek ere ez dute hitzordua galdu nahi izaten. Igandean izango bada ere egun handia, atzotik hasi ziren ekitaldiak. Hala, Mikel Intsain erlezainak iluntzean bost erlauntzetatik hasi eta erlezain-tza ogibide bilakatzearen bidea azaldu zuen, hau da, bere esperientzia pertsonala.

Gaur ere izango da zer ikasia. Angelo Jimenezen eskutik, Erleterapia eta haren aplikazioaren inguruan gehiago jakiteko aukera izango da 19.00etan, Jabier Otaegi kultur etxean hasiko den hitzaldian.

Bihar, berriz, Aikorreko Aitor Otaegiren txanda izango da eta honek Udaberrian nola hasi lanak erlaun-tzan azalduko du ordu eta leku berean.

22. lehiaketa Erlezaintzaren mundua ezagutzera emateaz gain, Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketa hartuko du Zegamak, Kiroldegian kokatuko den egitasmoan. Goizeko 10.00etan hasiko da lehiaketa, eta finalera iritsi diren 21 partaideak lehiatuko dira bertan.

Iaz Gabino Murua gabiriarrak eraman zuen ohore hori. Irabazlearen-tzako izango dira txapela, garaikurra eta 150 euroko saria; bigarrenak garaikurra eta 100 euro eskuratuko ditu eta hirugarrenak, berriz, garaikurra eta 50 euro bereganatuko ditu. Txapelketa ofizialaz gain, ingura-tzen direnek ere aukera izaten dute haien ustez aurkeztu den ezti onena aukeratzeko, eta horregatik publikoaren sariak ere badu indar handia. Kasu honetan, hori lortzen duenarentzako oroigarria jasoko du, baina diru ordainik ez. Aurtengo sari banaketa 13.30ean hastea aurreikusten da, kiroldegian bertan.

Eguneko ekitaldi nabarmena hori izango bada ere, izango da zer egina Zegaman erlearen eta eztiaren inguruan. Hasteko, 10.00etan hasi eta eguerdira bitartean txistulariek herriko kaleak alaituko dituzte haien musikarekin, eta artisau azoka ere ikusgai egongo da. Bertan, baserritarrek eta artisauek egindako lanak gertutik ikusi eta ezagutzeko aukera eskainiko da. Aranburu Mintegikoen landareen erakusketa ere jarrita egongo da, eta Jakoba Errekondok azalpenak emango ditu bara-tzeko loreen inguruan. Aditu eta idazleari galderak egiteko aukera ere emango du igandeak. Kiroldegian, gainera, Gipuzkoako gozogile onenen produktuen erakusketa zabalduko dute eta 13.30ean gozokien sari banaketari ekingo diote.

Ohiko moduan, alde praktikoak ere eskainiko ditu aurtengo edizioak. Hala, Rafa Gorrotxategi gozogileak egindako txokolatinen dastaketa izango da eta berak eskainitako txokolate tailerra. Hauek 10.00etan eta 12.30ean hasiko dira. Aitxuri Herri Eskolako ikasleek, berriz, erlearen inguruko marrazkiak ikusgai jarriko dituzte.

Arratsaldean, 18.00etan, bertso saioa izango da eskolako gimnasioan, egunari amaiera emateko.

Gaur, 19.00etan, Erleterapia eta bere aplikazioen inguruan hitz egingo du Angelo Jimenezek, Jabier Otaegi kultur etxean

Finalera iritsi diren 21 eztigile lehiatuko dira igandean, eta 13.30a aldera, kiroldegian, jakingo dira aurtengo irabazleak