lazkao - Gaur arratsaldean irribarrez beteko da Lazkaoko Areria aretoa. Hain zuzen ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bertan izango dira, Bizi Dantza ikuskizuna aurkezten, arratsaldeko 18.00etan hasita.

Salgai jarri ziren 350 sarrerak, ordea, orain aste batzuk agortu ziren, eta beraz, presaz jokatu zutenek gozatu ahalko dute hiru pailazoen emanaldiaz.

2019 urte amaieran aurkeztu zuten proiektu hau pailazoek, eta izenburuak agerian uzten duen moduan, dantzak izango du protagonismoa. Dantzatzen gerturatuko dira pailazoak Lazkaora, ingurukoak ere dantzan jartzeko asmoz. Ikuskizunak hamahiru abesti batzen ditu, beste hainbeste kantu-kontuekin batera.

Proiektu hau, aurrekoak bezala, talde lana izan da eta pailazoekin elkarlanean aritu dira, besteak beste, Vanesa Castaño eta Jon Maya dantzariak edota Leire Bilbao idazlea. Azken horrek hain justu, sortu ditu doinuen hitzak, pailazo taldearekin elkarlanean betiere. Maite Mutuberria ilustratzailea eta Xabier Zabala musikaria ere izan dituzte bidelagun diskoa eratzerako orduan. Haien irribarre eta alaitasunarekin lazkaotarrak dantzan jarriko dituzte jendez beteta egongo den Areria aretoan, arratsalde ahaztezina bihurtuz.